Desokupazio enpresa batek eraso egin dio Aiaraldea komunikabideko kazetari bati

Aiaraldea komunikabideak jakinarazi duenez, bertako kazetari bati eraso egin diote gaur goizean Luiaondon, desokupazio enpresa bat etxe bat «legez kanpo» hustu nahian ari zela.

Desokupa enpresaren aurkako mobilizazioa, Bilbon, 2021ean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Desokupa enpresaren aurkako mobilizazioa, Bilbon, 2021ean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
unai etxenausia
2025eko urriaren 8a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aiaraldea komunikabideko kazetari bati eraso diote desokupazio enpresa bateko (Desokupacionlegal.com) kideek. Aiaraldearen arabera, «etxe bat legez kanpo husteko asmoz» bertaratu da enpresa Luiaondora (Araba): «Indarrez sartu dira etxera, eta barruan zeudenak kanporatu dituzte».

Komunikabide bereko kazetari bat bertaratu da gertaeraren berri ematera. Irudiak grabatzen ari zela, desokupazio enpresako kideek «sakelakoa bota, eskua zapaldu eta mehatxuak egin dizkiote». Aiaraldeak zehaztu duenez, kazetariak salaketa jarri du Laudioko (Araba) komisarian, gertatutakoaren harira.

Ertzaintza eta Laudioko Udaltzaingoa bertaratu dira tokira. Polizia iturriek baieztatu dute desokupazio enpresa bat egon dela Luiaondon, baina azaldu dute operazioa oraindik irekita dagoela eta, beraz, oraingoz ez dutela informazio gehiago emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.