ELA sindikatuak Arabako etxez etxeko laguntza hitzarmenaren negoziazioan «inplikazio zuzena» eskatu die AESAD patronalari zein lurraldeko erakundeei. Sindikatuak salatu du mahai negoziatzailea eratu zenetik «ia urtebete» igaro denean aurkeztu duela patronalak bere lehen proposamena. ELAk, gaur goizean Gasteizen egindako mobilizazioan, argi utzi du sektoreko langileen lan eta soldata baldintzak ez hobetzekotan mobilizazioak «areagotuko» dituztela.
Sindikatuaren arabera, AESAD patronalaren planteamenduak «%0ko soldata igoera» jasotzen du 2026rako eta %2koa 2027rako, eta ondorengo urteetako hobekuntzak zerbitzuaren «esleipen berrien mende» uzten ditu. ELAren iritziz, patronalaren proposamebaren «balizko edukiek» ez dute akordiorako «inolako borondaterik» erakusten sektorean lan baldintzak hobetzearen alde.
ELAk lan baldintzak «hobetuko» dituen eta langileen erosteko ahalmena «bermatuko duen» hitzarmena galdegin du, eta Arabako erakundeen «inplikazio eza» salatu. Sindikatuak azpimarratu du gaur egungo lan baldintzen egoerak sektore feminizatuaren «prekarizazioa» sakontzen duela, zeinetan langile asko «emakume arrazializatuak» diren.
Horiek hala, lan baldintza duinak lortzeko «bide bakarra» mobilizazioa dela berretsi du ELAk. Horregatik, sindikatuak ohartarazi du datozen aste eta hilabeteetan protestak eta presio neurriak «areagotu» egingo dituztela, patronalak nahiz erakundeek erantzun «egokirik» ematen ez badute.