ELA sindikatuak Osakidetzaren Arabako osasun mentaleko arreta sarean dagoen «langile eskasia» salatu du. Psikiatriako Eguneko Ospitaleak dituen gabezietan jarri du gaurkoan arreta erakundeak. Osakidetzaren zerbitzu horretan tratamendu intentsiboa behar duten 16 eta 35 urte arteko gazteak artatzen dituzte, eta, ELAren arabera, zerbitzu horretan lanaldi erdiko psikiatra bat, psikologo kliniko bat, erizain espezialista bat eta bi monitore aritzen dira. Psikologo klinikoaren postua, ordea, hutsik dago, eta ez dago aurki betetzeko aurreikuspenik.
ELAren iritziz, baliabide horiek «ez dira nahikoak arreta eskaera handiari erantzuteko». Ospitalea «gainezka» omen dago, eta ezin ditu artatu Osakidetzako beste zentroetatik bideratutako paziente guztiak. Sindikatuak adierazi du Eguneko Ospitaleko langile falta Osakidetzaren osasun mentaleko arreta sarean dagoen «profesionalen egiturazko faltaren» ondorio dela. Halaber, salatu dute Osakidetzak arlo horretan irailean hartu zituen neurriek ez dituztela «sakoneko arazoak» konpondu, eta lantaldea «indartzeko» eta «profesionalen estaldura handitzeko» eskatu diote Osakidetzari, arazo horiei irtenbidea emateko.