Gehienbat Afrikako eta Asiako lautadetan ikus daitekeen hegazti harraparia da elano arrunta edo urdina (Elanus caeruleus, hizkera zientifikoan). Itxura ikusgarria duen hegazti horrek iparralderako bidea hasi zuen XX. mendean, eta Iberiar penintsulan eta Frantzia hegoaldean ere badu egun bizilekua, Euskal Herrian ibiltzea «oso arraroa» bada ere, Hontza Natura Elkartearen arabera. Hori dela eta, ikusmina eragin zuen aurreko urtean elkarte horretako kideek ziurtatu izanak elano urdinen bikote batek Araban habia egin zuela, Zigoitiako erkametz batean, hain zuzen ere. Orain, bigarren aldiz umatu da elano urdin bikote bat. Alta, elkarteak salatu du Solariak Zigoitian eraiki nahi duen planta fotovoltaikoaren proiektuak arriskuan jarriko lukeela hegazti espezie hori, beste askorekin batera.
2005a izan zen elanoa Euskal Herrian ugaldu zen lehen eta azken aldia. Kasu hartan ere, Araba izan zen hautaturiko lurraldea, Iruraiz-Gaunan egin baitzuen bikote batek habia. Eta Solaria enpresak hemeretzi planta fotovoltaikoetako bat eraikiko zuela iragarri duen toki berean jaio dira orain txitak. Hontza elkarteko presidente Arturo Rodriguezen ustez, planta horrek espezie horrentzat dakarren arriskua soilik arrazoi nahikoa litzateke administrazioak aurkako ingurumen inpaktu txostena eman diezaion Solariaren planta horri.
Joan den martxoan ikusi zuten aurreneko aldiz elano bikotea ehizan —lursaguak ehizatzen ditu (Microtus arvalis)—, eta halako asko izan ziren iaz paraje hartan. Apirilean gertatu ziren lehen kopulak, eta orduan ikusi zuten habia ere: erkametz batean, huntzaren hostoekin babestuta, eta ezkutuan. Ongi eutsi zieten maiatzeko euriei, ekainaren hasieran ikusi zituzten lehen aldiz txitak, eta ekainaren amaieran egin zituzten lehen hegaldiak. Bi txitak egin zuten aurrera. Uztailean, habia ikusteko aukera izan zutenean, hirugarren txita bat ere bazegoela ikusi ahal izan zuten, baina hilik.

Ekosistema osoa kolokan
Rodriguezek dioenez, elanoa ez da Solariaren proiektuek mehatxatzen duten espezie bakarra. Bertako hegazti harraparien artean, mirotz urdinari ere kalte egingo liokete Solariak Arabako hainbat udalerritan bultzatu nahi dituen proiektuek, eta espezie hori egoera zaurgarrian dago lehendik ere. Zekale zelaietan egiten du habia, eta eguzki plakak instalatzeak nekazaritza lurrak eta zelai horiek desagertzea dakar. Egun, mirotz urdinaren berrogei bikote baino gutxiago daude Euskal Herrian.
Hegazti espezie horiek ez dira soilik Arabako eta Euskal Herriko biodibertsitatearen «harribitxiak», Rodriguezek azaldu duenez. Izan ere, harrapari horiek «funtsezko egitekoa» dute ekosistema erregulatzeko orduan, animalia txikien populazioak kontrolatzen baitituzte. Haien jardunari esker mantentzen da ekosistemen oreka, eta espezie horien galerak ekosistema osoari eragingo lioke. Hori dela eta, Hontza elkarteak uste du erakundeek «biodibertsitate hori mantentzeko betebeharra dutela», eta Solariaren proiektuen ingurumen-inpaktu txostenak aurkakoak izango direla, espezie horiei eragiten dieten kaltea dela eta.