Elbarritasun fisikoak dituztenen «bizimodu independentea» bermatzeko neurriak eskatu dizkie Eginaren Eginez elkarteak erakundeei

Bizitza independentearen Europako egunean, bizitzaren esparru guztietan irisgarritasun unibertsala eta desgaitasun fisikoak dituzten pertsonen integrazioa bermatuko duten neurriak eskatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako agerraldian.

Noelia da Costa, elkartearen adierazpenak irakurtzen, gaurko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Noelia da Costa, elkartearen adierazpenak irakurtzen, gaurko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko maiatzaren 5a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizitza independentearen eguna da Europan maiatzaren 5a. Eta, bizitza autonomoa eta buruaskia lortzeko bide horretan, elbarritasun fisikoren bat dutenek zailtasun ugari aurkitzen dituzte. Oztopo horiek, ordea, ez dira sarri haien desgaitasunen ondorio, gizartearen eta azpiegituren egokitzapen eta irisgarritasun faltak jartzen baitizkie traba gehien. Hori dela eta, egun seinalatu honetan Eusko Jaurlaritzaren aurrean agerraldia egin du Eginaren Eginez-ek, desgaitasun fisikoa duten pertsonen Arabako elkarteak, pertsona horiek bizitzako arlo guztietan «benetako autonomia» izango dutela bermatuko duten «funtsezko neurriak» eskatzeko erakundeei. 

Hogei bat kide bildu dira Lakuako egoitzaren aurrean eskakizun horiekin bat egiteko, gehienak gurpil aulkietan, baten bat makuluekin edo ageriko laguntzarik gabe. Egunerokoan dituzten oztopoei eguraldi kaxkarra batu zaie gaur, baina horrek ere ez ditu kikildu. Hezkuntzaren, enpleguaren, etxebizitzaren, osasunaren eta gizarte politiken alorrean «benetako eraldaketa soziala» eta desgaitasun fisikoak dituztenen «erabateko integrazioa» eskatu dute, Noelia da Costa bozeramailearen ahotik.

Parte hartze zuzenerako eskea

Pertsona horiek guztiak hartuko dituen gizartea erdiesteko, «irisgarritasun unibertsala» lortzea eskatu die Da Costak instituzioei. Azpiegitura, esparru eta erakunde publikoak era guztietako desgaitasunak dituztenei egokitzeko trabak kentzea defendatzen duen kontzeptua da hori, eta, Da Costak salatu duenez, egun indarrean den Irisgarritasuna Sustatzeko Legeak —1997koa da— «hutsune ugari» ditu unibertsaltasun hori bermatzeko orduan. Lege horretan eta gainerako esparruetan erreformak eskatu ditu, betiere «dibertsitate funtzionala duten pertsonen zuzeneko parte hartzearekin», sarritan haien inguruko erabakiak elbarritasuna dutenei kontsultatu gabe hartzen direla salatu baitute, EAEn berriki sinatu den Osasun Ituna adibidetzat jarrita.

Eskabide horiekin bat egin dutenetako bat da Agustin Hernandez. Gurpil aulkian dabil hura ere, jaiotzetik duen elbarritasuna dela eta; ukondotik behera besorik ez du, eta ibiltzeko zailtasunak ditu, desgaitasun horixe bera dela eta. Egunerokoan egokitzapen ugari behar ditu, eta sarri esparru publikoetan halakoak aurkitzea zaila dela salatu du: «Gurpil aulkian joanda, dena ohi baino baxuagoa eduki behar dut. Nire etxean, dena daukat nire mailara egina, baina hortik irtetean, leku askotara ezin naiz iritsi, aulkia edo besaurre falta dela eta». Bere modukoek bizitza publikoan «oztoporik gabe» parte hartu dezaten neurriak hartzeko eskatu die erakundeei: «Bakoitzari bere zailtasunen arabera lagundu beharko liokete instituzioek, guztiok maila berean parte hartu dezagun gizartean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA