Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldi sortaren barruan, artearen esparru guztiak jorratu ditu Martxoak 3 elkarteak, eta gaur literaturari tokatu zaio. Izan ere, letren bidez ere landu du oroimena elkarteak, eta aurten literatur lehiaketa berezia antolatu dute, 50. urteurrenaren harira argitaratuko duten liburuko kontakizunetako sei aukeratzeko. Euskarazko eta gaztelerazko narrazioak saritu dituzte 1976ko Martxoaren 3a. Memoria Lerroak izeneko lehiaketan: Elisabet Irazu gasteiztarra gailendu da euskarazko kategorian, eta gaztelerazkoan, berriz, Cristina de Echanove madrildarra. Gaur egin dute sariak banatzeko ekitaldia, Gasteizko Montehermoso jauregian.
Irabazle bakoitzak mila euro jaso ditu. Sariak, baina, ez dakar diru ordaina soilik, haien kontakizunak urteurreneko liburuan ere argitaratuko baititu elkarteak. Beste lau narrazio ere hautatu dituzte epaimahaiek, kategoria bakoitzeko bi, argitalpenaren parte izan daitezen: euskarazkoen artetik, Aratz Fernandez de Pinedo eta Joxe Aldasororen lanak aukeratu dituzte, eta gaztelerazkoen artetik, berriz, Joan Llensa eta Jabo H. Pizarrosorenak. Katixa Agirrek, Iban Zalduak eta Aitor Oñatek osatu dute epaimahaia euskarazko lanen kategorian; eta Bernardo Atxagak, Amparo Lasherasek eta Juan Ibarrondok gaztelerazkoen kategorian.
Epaimahaikideek lehiaketara aurkeztu diren 155 kontakizunen artetik aukeratu dituzte liburua osatuko duten sei lan horiek. Eta liburuan parte hartzeko prest agertu diren zenbait idazleren narrazioak ere bilduko ditu argitalpenak, hala nola Oñate, Atxaga, Lasheras, Ibarrondo, Concha Murua eta Txabi Arnalenak.Â