Elortzako bizilagunek manifestazio bat egingo dute iturri historikoa lehortu dela salatzeko

Dozenaka urtez ura eman ostean, azken bi urteetan lehortu egin da Arraia-Maeztuko udalerriko iturria. Gertaera hori bat dator aldundiak A-3114 errepidean egindako lanekin, eta auzotarrek uste dute hori dela kausa. Larunbatean protesta egingo dute.

Elortzako iturria, artxiboko irudi batean. ARRAIA-MAEZTUKO UDALA
Elortzako iturria, artxiboko irudi batean. ARRAIA-MAEZTUKO UDALA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 22a
10:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elortzako (Arraia-Maeztu, Araba) bizilagunek beti ikusi dute herriko iturri historikoa ura dariola. Garbitoki ondoko jarioak ez zuen etenik, duela pare bat urtera arte, azken bi urteetan jarraian urik gabe geratu baita Elortzako iturria. Azken udetako lehorteak erantzule izan balitezke ere, bizilagunek beste susmagarri bat dute, iturriaren lehortzea bat baitator Arabako Foru Aldundiak herri ondotik igarotzen den A-3114 errepidean egindako berrikuntza lanekin. Afera iker dadila eskatzeko, auzotarrek protesta egingo dute larunbatean, 12:00etan, iturri horren ondoan bertan.

«Zaila da kointzidentzia horri kasurik ez egitea: urteetan, iturriak beti bezala funtzionatu du, baina, aldundiak lanak egin zituenetik, birritan lehortu da», azaldu dute elortzarrek ohar bidez. Aldundiak azken urteetako lehorteei egotzi die iturriaren emari falta, baina azalpen horrek ez ditu konbentzitu bizilagunak. «Iturritik metro gutxira, errekara ura iristen da oraindik, eta inguruko iturriek badute emaria. Hori ikusita, galdetu beharra dugu: lanek iturriaren sorburuari edo bilketa sistemari kalte egin diote?», plazaratu dute itauna.

Emakume bat, Elortzako iturrian ura biltzen, 1900-1920 urteen artean. ENRIQUE GUINEA / EUSKOMEDIA
Emakume bat, Elortzako iturrian ura biltzen, 1900-1920. urteen artean. ENRIQUE GUINEA / EUSKOMEDIA

Auzotarrek azpimarratu dute ez dakitela horregatik lehortu den iturria, baina argudiatu dute ezin dela aukera baztertu «ikerketa tekniko sakona egin gabe». Hain zuzen ere, azalpenik ez baztertzeko eta ikerketa tekniko hori egiteko exijitu diote Arabako Foru Aldundiari, Elortzako iturria «ez baita iturri soila, herriaren historiari loturiko elementu garrantzitsua baizik». Klima aldaketaren testuinguruan, gainera, auzotarrek bereziki garrantzitsu deritzote iturri hori eta halako beste baliabide hidrikoak babesteari.

Ez da aldundiak Elortza ondoko errepidean egindako lanek zalaparta sortu duten lehenengo aldia. Lan horiek «ezinegona» eragin zuten herritarren artean, «egin ziren moduagatik, eta herritarrek planteaturiko zenbait eskaera ez zirelako bete». Iturria lehortu izanaren eragile posiblea lan horiek izateak, beraz, «herriko kezka eta ezinegona handitu baino ez du egin». Hori dela eta, aldundiari «lehortzearen zergatia ikertu eta konpontzeko» eskatzeko, urriaren 24an iturriaren ondoan bilduko dira bizilagunak, protesta egiteko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA