Joan den astean egin zuten Kazetaritza, bertatik bertara zikloaren hamabigarren aldia, Gasteizen, eta orain arteko partaidetza marka hautsi, jarduera guztiak kontuan hartuta 9.400 pertsona bertaratu baitira. Puri-purian dauden gaiak lantzen dira jardunaldietan, betiere kazetaritza ikuspegitik abiatuta eta hitzaldi, film eta erakusketen bitartez. Europa biltzar jauregian bildu da jende gehien: guztira 2.851 entzule izan dira han egindako bederatzi hitzaldi eta mahai inguruetan. Francisco de Vitoria auditoriuma bete zela eta, beste bi areto gehiago egokitu behar izan zituzten hiru aldiz.
Aurtengo programazioan, nazioarteko aktualitatean ageri diren hainbat lurralde izan dituzte hizpide; Ekialde Hurbila, Kuba, Maroko, Errusia eta Txina, esaterako. Biktima zibilen egoera, nazioarteko desinformazioa, munduko geopolitika eta nazioarteko auzitegien zeregina jorratu dituzte, baina baita tokiko gaiak ere; izan ere, Martxoak 3 elkartearen laguntzarekin, sarraskiaren 50. urteurrenaren inguruko hitzaldia, solasaldia eta zineforuma bildu dituzte egitarauan.
Natalia Sancha kazetariaren Los nadies de la guerra [Gerran inor ez direnak] erakusketan 2.800 bisitari inguru izan dira dagoeneko, eta, beraz, horixe da jardunaldietan gehien bisitatu den erakusketa. Hitzaldiei erreparatuz gero, Rafael Martin Rodriguezen China desde dentro [Txina, barrutik] hitzaldiak bildu zuen jende gehien, 608 lagun guztira. Bestalde, Florida zinema aretoetako zikloak «erantzun bikaina» izan zuen, 835 ikusle erakarri zituenez gero, eta Made in China filma izan zen jendetsuena, 216 ikusle izan baitzituen.
«Aktualitatearen berri izateko, hura aztertzeko eta eztabaidatzeko foroak behar dira», nabarmendu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak. Guztira hamahiru adituk parte hartu dute zikloaren hamabigarren aldian: Natalia Sancha, Ura Iturralde, Anna Bosch, Jose Manuel Cuevas, Marc Ferra, Joana Abrisketa, Maider Maraña, Rafael Martin, Myriam Redondo, Josu Santamarina, Fernanda Zanuzzi, Amaiur Arbe eta Iñaki Martin.