Gasteizen Garaikoetxearen eta Ardanzaren omenezko kale izenak berreskuratzea proposatu du EAJk

Gaur egun Gernikako Estatutuaren kalea eta Loma Jeneralaren plaza direnek Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza lehendakarien izena izan zuten 1999an. Izen horiek berreskuratzea eskatu du Beatriz Artolazabalek, Gasteizko EAJren bozeramaileak.

Loma Jeneralaren plaza, garai batean Jose Antonio Ardanzarena izandakoa. WIKIMEDIA
Loma Jeneralaren plaza, garai batean Jose Antonio Ardanzarena izandakoa. WIKIMEDIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 19a
15:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Norbait Gasteizen Carlos Garaikoetxea lehendakari ohi zendu berriari eskainitako kalearen bila hasiko balitz, ez luke deus aurkituko. Beste horrenbeste Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiaren plaza topatzen saiatuko balitz. Gasteiztar batek baino gehiagok oroituko du, ordea, 1999an bazirela, denbora laburrean bada ere, kale horiek. Eta baliteke laster berriro agertzea bi lehendakarien izenak Gasteizko kaleen izendegian, izen horiek berreskuratzeko eskaria egin baitio Beatriz Artolazabalek, Gasteizko EAJren bozeramaileak, Maider Etxebarria alkateari (PSE-EE), Artolazabalek Radio Vitoria hedabideari emandako elkarrizketa batean jakinarazi duenez.

Jose Angel Cuerda alkatearen azken legegintzaldira joan beharra dago Garaikoetxearen eta Ardanzaren izenak Gasteizko kaleetan aurkitzeko. 1999an, jada Alfonso Alonsoren Alderdi Popularrak hauteskundeak irabazita, baina artean Cuerda (EAJ) jarduneko alkate zela, azken honek bi lehendakari ohien izenak Gasteizko toponimian txertatzea erabaki zuen. Baita egin ere: Lizarrako Markesaren kaleari —Gasteizko erdialdean, postetxearen ondoan— Garaikoetxearen izena jarri zion, eta Eusko Legebiltzarraren ondoan dagoen Loma Jeneralaren plazari, Ardanzarena.

Aurrekora buelta

Aldaketa horiek, ordea, gutxi iraun zuten. Ekainaren 18an aldatu zion izena Cuerdak Lizarrako Markesaren kaleari, baina uztailaren 16ra arte baino ez zuen iraun Garaikoetxearen izenean, kargua hartu eta gutxira Alfonso Alonso alkate popularrak aurreko izena berreskuratu baitzuen. Kale horretan zegoen —eta oraindik han dago— Alderdi Popularraren Gasteizko egoitza. Lizarrako Markesak, ordea, Miguel Primo de Rivera diktadorea eta haren seme Jose Antonio Primo de Rivera izan ziren. Azken hori Falange Espainola alderdiaren sortzailea eta 1936ko estatu kolpearen bultzatzailea izan zen. Kalearen izenak, hortaz, memoria historikoaren garaiko legea urratzen zuen, eta, hori dela eta, Patxi Lazkoz alkate sozialistak, Alonsoren ondorengoak, berriz ere aldatu, eta gaur egun duena jarri zion: Gernikako Estatutuaren kalea. 

Zertxobait gehiago iraun zuen Jose Antonio Ardanzari eskainitako plazak, baina urte hartako azaroan, Cuerdaren erabaki hori ere atzera bota zuen Alonsok, eta oraindik ere Loma Jeneralaren plaza da. Artolazabalen ustez, bada garaia «omenaldi instituzional hori berreskuratzeko». Hala ere, «adostasuna eta Euskadiren historiako bi figura garrantzitsu horiekiko errespetua» oinarri hartuta berreskuratu nahi ditu izen horiek Artolazabalek, eta, horretarako, proposamena igorri dio Etxebarria alkateari. EAJk eta PSE-EEk batera gobernatzen dute Gasteizko Udalean, eta ikusteko dago sozialistek jeltzaleen aburuarekin bat egiten duten. Artolazabalen ustez, behintzat, «koherentea» da bi lehendakari ohiei Gasteizko kaleen izendegian lekua egitea, kontuan hartuta beste bi lehendakari ohiek ere, Jose Antonio Agirrek eta Jesus Maria Leizaolak, haien omenezko kaleak badituztela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA