PSE-EE eta EAJ akordio batera iritsi dira Elkarrekin taldearekin Gasteizko Udalean, hiriko lokalak eta tailerrak etxebizitza bihurtu daitezen. Bertan bizitzeko egokitutako lokal guztiek ohiko bizilekuak izan beharko dute, eta «erabat debekatuta» egongo da bigarren etxebizitza gisa eta ostatu turistikoetarako erabiltzea; hala, erabilera soziala izango dutela ziurtatu nahi dute.
«Etxebideren irizpideak finkatu ditugu, espekulazioari danbatekoa emateko», adierazi du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak. Bizitoki modura ez ezik, lantegi modura ere erabili ahal izango dira tailerrak. Hala, desplazamenduak murrizteko modu bat bermatu nahi du udalak.
Elkarrekin alderdiak udal gobernuarekin adosten duen bigarren akordioa da, irailean egonaldi turistikoen gaineko zerga hitzartu baitzuten. «Akordio honek alokairu babestua eta eskuragarria handitzeko balio behar du, inola ere ez etxebizitza kopurua handitzeko soilik», adierazi du Oscar Herreros Elkarrekin-eko zinegotziak.
Adostutako neurriak
Etxebizitzaren udal ordenantzaren 19.3 artikulua moldatuko dute beheko solairuetako lokalak etxebizitza bilakatu ahal izateko. Moldaketa horren ondorioz, udalak, 21 Zabalgunea elkarteak edo beste administrazio publiko batzuek artikulu hori baliatuta sortutako etxebizitzak alokairu babesturako eta gazteentzat izango dira nagusiki. Horrez gain, etxebizitzak Bizigune programan sartzeko aukera egongo da, alokairu irisgarria bermatzeko.
Urrian Gasteiz tentsio handiko eremu izendatua izan ondoren, aldi baterako ezarritako muga horiek behin betiko luzatuko dira akordioari esker. Neurrien helburu nagusia egungo etxebizitza larrialdiari «erantzutea eta espekulazioa eragoztea» da. Testuari aurkeztutako zuzenketak astelehenean bozkatuko dituzte Hiri Ereduaren Batzordean, eta behin betiko onartuko.