Bi familia: Samirarena eta Hamidena. Tartean lau adin txikiko. Eta arrisku bat: etxerik gabe geratzea. Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak salatu duenez, Alokabidek Hamiden familia etxegabetu nahi du, eta berralokatzaileak Samirarena.
Alokabidek hainbat etxebizitzaren alokairua kudeatzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta sindikatuko kideek zorrotz kritikatu dute sozietate publiko horren jarduna: «Alokabidek dio hutsik dauden etxebizitza pribatuak eta publikoak mobilizatzea bultzatzen duela etxebizitzaren funtzio sozialari erantzuteko, baina kudeatzen dituen etxebizitzak hutsik eta abandonatuta uzten ditu». Adierazi dute urrian bloke bakar batean hamabost etxebizitza zeuzkala hutsik, eta dirua «alarmetan eta okupen kontrako ateetan» xahutzen zuela.
Sindikatuko kideek, Alokabidez gain, Iberdrola ere seinalatu dute. Azaldu dute bi familiek arazoak izan dituztela argindarrarekin, eta hornitzaileak behin eta berriro moztu diola argia Hamiden familiari. «Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 5.307 milioi euroren irabaziak izan dituen multinazional horrek berak ez die aukerarik ematen argindarra berrezartzeko eta zerbitzua beren izenean jartzeko. Gasteizen tenperaturarik hotzenak gradu batekoak edo bikoak diren egunotan, ez dute berogailurik ere».
«Gizarte zerbitzuek ere ez diete inolako alternatibarik eskaini. Erakutsi dute ez dagoela mekanismo minimorik egoera zaurgarrian dauden familien oinarrizko eskubideak babesteko»
AUZOAN BIZI
Auzoan Biziko kideek salatu dute etxea duin edukitzeko eskubideaz gainera errolda eskubidea ere ukatu dietela etxegabetuko dituztenei. Halere, adierazi dute «antolakuntzaren eta borrokaren bitartez» lortu zutela Samiraren familia etxebizitza horretan erroldatzea, baina Hamiden familiarentzat errolda soziala baino ezin izan zutela lortu, jabearen baimenik ez baitzuten.
Hori guztia aintzat hartuz, salatu dute ez dagoela laguntzarik: «Gizarte zerbitzuek ere ez diete inolako alternatibarik eskaini. Erakutsi dute ez dagoela mekanismo minimorik egoera zaurgarrian dauden familien oinarrizko eskubideak babesteko».
Etxegabetze egunak gertu daudela ikusita, Auzoan Bizi sindikatuko kideek adierazi dute antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela, «etxegabetze guztiak bertan behera gelditu arte».