Gasteizko Estrasburgo ibilbideko maizterrak, alokairuen gehiegizko igoeren aurka borrokan

Etxebizitzek babes ofizialeko izaera galdu dutela profitatuta, 300 eurotik gorako igoerak ezarri nahi dizkie maizterrei Adania enpresak. Kaltetuek bilera bat eskatu diote enpresari, baina Adaniak uko egin dio haiekin biltzeari, LABek salatu duenez.

Estrasburgo ibilbideko maizterrek eta LAB sindikatuak Adaniaren bulegoen aurrean egindako protesta, atzo, Gasteizen. LAB
Estrasburgo ibilbideko maizterrek eta LAB sindikatuak Adaniaren bulegoen aurrean egindako protesta, atzo, Gasteizen. LAB
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 19a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Estrasburgo ibilbideko 9, 11 eta 13 zenbakietan daude garai bateko Vitalquiler SM enpresaren jabetzako etxebizitzak. Vital Kutxak Adania izeneko higiezinen enpresarekin batera bultzatutako sozietatea da hori. Iaz, ordea, bankuak Adaniari saldu zion bere zatia, eta orain Adania da etxebizitzen jabe bakarra, Adalquiler SM izenarekin. Etxebizitza horiek babes ofizialekoak izateari utzi eta merkatu librera atera direla profitatuta, enpresak orain alokairuen «gehiegizko igoerak» proposatzen dizkie maizterrei, alokairua berritu nahi badute, LAB sindikatuak salatu duenez. Hori salatzeko protesta egin zuten atzo maizterrek enpresaren egoitzaren aurrean.  

Sindikatuaren arabera, Adania Gasteizko Lakua auzoko beste bloke batean erabilitako estrategia berbera baliatzen ari da Estrasburgo ibilbideko maizterren alokairuak «neurrigabe» igotzeko: etxebizitzek joan den irailean Babes Ofizialeko Etxebizitza izateari utzi ziotela baliatzea, hain zuzen ere, merkatu librearekin bat datozen prezioak ezartzeko bertan bizi direnei. «300 eurora» heltzen diren igoerak eskatzen ditu enpresak, maizterrek sarritan prezio horiei aurre egin ezin badiete ere. Hori dela eta, pisu horietan bizi direnak mobilizatu egin ziren atzo, LAB sindikatuaren laguntzaz, enpresari gatazka bideratzeko bilera bat eskatzeko. 

Izan ere, maizterrek Estrasburgo Ibilbideko Sail Sindikala osatu dute LABen Etxebizitza arloaren barruan, eta alokairuen prezioak negoziatzeko eskatu diote enpresari. Enpresak, ordea, «entzungor» egin die «hainbat alditan» helarazi dizkioten bilera eskaerei, eta, hori salatzeko eta negoziazio prozesuari ekiteko, Adaniaren bulegoen aurrean protesta egin zuten atzo maizterrek. LABen arabera, «onartezina» da diru laguntza publikoekin eraiki ziren etxebizitzekin «espekulatzea», are gehiago hasiera batean etxebizitza horiek alokairu sozialera bideraturik zeudenean. Enpresari bilera egitea eta negoziazioari ekitea exijitu diote, Estrasburgo ibilbideko maizterren egoera konpontzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.