Gasteizko Goia gasolindegia Hiri Tailerra bilakatuko da

Urte asko bertan behera egon ostean, Gasteizko Udalak beste erabilera bat aurkitu dio eraikin historikoari, EH Bildurekin adosturiko egitasmoen lehiaketa eginda. Hiri Tailerra proiektuan funtzio anitzeko gune bat jartzea aurreikusi dute.

Gasteizko Goia gasolindegia, gaur egun. GASTEIZKO UDALA
Gasteizko Goia gasolindegia, gaur egun. GASTEIZKO UDALA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 2a
12:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko ondare arkitektonikoaren erakusgarri garrantzitsua da Goia gasolindegia, Cadena y Eleta Apezpikuaren kalean kokatua. 1935. urtean eraiki zuten, eta garai hartan boladan zegoen estilo arrazionalistari jarraitzen dio. Estilo horretako eraikin gutxik diraute zutik, baina, gasolindegi izateari utzi eta Gasteizko Udalaren jabetzara igaro zenetik, bertan behera utzita egon da eraikina, udalak ez baitu lortu harentzako proiekturik finkatzerik.

Gaur arte, alegia; izan ere, Hiri Ereduaren eta Hirigintzaren zinegotziak, Borja Rodriguezek, eta EH Bilduren udal taldeko eledunak, Rocio Viterok, aurkeztu dute udalak deituriko lehiaketaren irabazlea. EAJk eta PSE-EEk osaturiko udal gobernuak EH Bildurekin adosturiko aurrekontu akordioaren parte zen behingoz gasolindegiari erabilera zehatza emateko egitasmoen lehiaketa batera deitzea. Egin dute lehiaketa, eta hautatu du udalak irabazlea: Hiri Tailerra izeneko egitasmoa izan da. «Erabilera anitzeko espazio moderno bat» aurreikusten du proiektu horrek gasolindegi zaharrarentzat. 

Askotariko erabilerak

«Gasolindegia espazio ireki, malgu eta pedagogiko bihurtzeko ideia» da egitasmo irabazlearen ardatza, Rodriguezen hitzetan. Garraio jasangarria izango du ardatz. Hain zuzen ere, egitasmoak eraikina «mugikortasun jasangarri, osasuntsu eta seguruaren erreferente» bihurtuko duela adierazi du Viterok. Gune berriak, ordea, orotariko erabilerak izango ditu. Beheko solairutik hasita, bertako espazio zabala mantentzea aurreikusten du egitasmoak. «Itxarongela, haurrentzako jolasgunea, erakusketa gunea, autokontsultarako pantailak» eta bestelakoak bilduko ditu gune horrek.

Hiri tailerra egitasmoa gauzatu ostean gasolindegiak lukeen itxura. GASTEIZKO UDALA
Hiri Tailerra egitasmoa gauzatu ostean gasolindegiak lukeen itxura. GASTEIZKO UDALA

Atariaren azpian, berriz, bizikletentzako tailerra paratuko dute. Hain zuzen ere, gasolindegiaren jatorrizko garita tresnen biltegi bilakatuko da, baita erabiltzaileentzako informazio gune ere. Harrera gunea, komun egokitu berriak eta garbiketa gela ere izango ditu beheko solairuak. Goikoan, aldiz, ehun pertsonarentzako lekua duen erabilera anitzeko gela handi bat egingo dute. Florida parkera eta Katedral Berrira begira egongo diren leihateak izango ditu gela horrek. Tailerrak egiteko gela txikiagoak, komun egokituak eta edoskitze gela ere izango ditu lehen solairuak.

Azkenik, jatorrizko gasolindegiaren teilatura ere igo ahalko dira erabiltzaileak. «Begiratoki ikusgarria» aurreikusten du bertan proiektuak. «Hiri Tailerra» egitasmoak 15.000 euro lortu ditu, hiru finalisten artean hautatua izateagatik. Ostiralean jakingo da nor dagoen egitasmo irabazlearen atzean. Hari esleituko zaio gasolindegia zaharberritzeko kontratua, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bitartez. Hamar urte bertan behera egon ostean, baliteke Goia gasolindegi zaharrak laster berriro erabiltzaileak izatea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE