Musika

Gasteizko Jazzaldiko Jazza Europan zikloak sei artista gazte ekarriko ditu oholtzara

Amaro Freitas, New Jazz Underground, Iosu Izagirre, Kris Davis, Riley Mulherkar eta Isaiah Collier izango dira Jazzaldiko ziklo «abangoardisteneko» parte hartzaileak. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, ostiralez, jaialdiaren webgunean.

Iosu Izagirre kontrabaxu jotzailea izango da zikloko parte hartzaileetako bat —erdian, txapelarekin, kidez inguratuta—. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Izagirre kontrabaxu jotzailea izango da zikloko parte hartzaileetako bat —erdian, txapelarekin, kidez inguratuta—. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 16a
14:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berritasuna eta gaztetasuna sarri ibili ohi dira eskutik helduta, eta bikote hori azpimarratu dute Gasteizko Jazzaldiko antolatzaileek Jazza Europan zikloari dagokionez. Jaialdiaren ziklo «abangoardistena» da hori, nabarmendu dutenez. Sei artistak hartuko dute parte aurten, eta guztiek dute gaztetasuna ezaugarri, baita «sormena eta birtuosismoa ere». Amaro Freitas, New Jazz Underground, Iosu Izagirre, Kris Davis, Riley Mulherkar eta Isaiah Collier dira uztailaren 13tik 18ra Europa jauregiko Maria de Maeztu auditoriuma «jazz garaikidearen azken joerekin» jantziko duten artistak. 

Izan ere, hortik datorkio izena zikloari, Gasteizko Europa jauregitik, ez kontinentetik. Historikoki, Principal antzokiko horma zaharrekin antitesia egiten zuten aire berritzaileenek ziklo horretan, baina, zaharberritze obrak direla medio, aipaturiko kongresuen jauregian egingo dute aurten ere, bigarrenez. Uztailaren 13an eta 14an, 20:30ean hasiko dira kontzertuak; gainerako egunetan, berriz, 17:30ean, entzuleei Mendizorrotzako kontzertuetara ere joateko aukera emateko. Sarrerak bihartik aurrera egongo dira eskuragai www.jazzvitoria.com webgunean. Kontzertu bakoitzerako sarrerak 20 euroren truke erosi ahalko dira. Sei kontzertuetarako abonuaren prezioa, berriz, 85 eurokoa izango da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA