Gasteizko Udalak 31 aldiz aktibatu du bero plana 2026ko maiatzetik irailera bitartean, herritarrak tenperatura altuen ondorioetatik «babesteko» helburuz. Aurtengo kanpainaren balantzeak erakutsi du «igoera nabarmena» izan dela aurreko urteen aldean: 2025ean 21 aktibazio erregistratu ziren, eta 2024an, sei. Datuen bilakaerak agerian utzi du klima aldaketaren ondorioz bero boladak maizago izan direla hirian eta intentsitate handiagokoak izan direla.Â
Aurten erregistratutako 31 aktibazioetatik 21 abisu horiengatik izan ziren; zazpi, alerta laranjengatik; eta hiru, alerta gorriengatik. Hilabeteei erreparatuz gero, gehienak ekainean (10) eta uztailean (12) izan ziren, eta gainerakoak, abuztuan (4) eta irailean (3). «Datuek erakusten dute geroz eta erantzun koordinatuagoak, eraginkorragoak eta klimaren testuinguru berrira egokituagoak behar direla», adierazi du Maider Etxebarria alkateak balantzea egiterakoan.
Bero Plana irailaren 30ean amaitu ondoren, udalak barne-ebaluazio prozesua hasi du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak funtzionamenduaren balorazioa egiteko eskatu die udal zerbitzuetako sailei, datorren urtera begira proposamen berriak emateaz gain. Larrialdiei aurre egiteko «prest» egon beharra dagoela adierazi du alkateak.
Udal sistemak hainbat berrikuntza txertatu ditu: besteak beste, Ingurumen Azterketen Zentroa operazioan sartu da. Aldaketen artean, klima babeslekuen sarea eguneratu dute hiriko bi gunetan: Herrandarren kalean eta Arkabiako bulebar berdean. Horretaz gain, prebentzio ekintzak «indartu» dituzte aurrealerta faserako.