Gasteizko Udalak 400 ikuskizunetik gora prestatu ditu Andre Mari Zuriaren jaietarako

Abuztuaren 4tik 9ra bitarte egitarau zabala izango da hirian: musika, umorea, antzerkia, haurrentzako jolasak eta abar.

Zeledon Txiki eta Edurne Txiki Gasteizko jaietan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zeledon Txiki eta Edurne Txiki Gasteizko jaietan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2026ko uztailaren 8a
15:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gertu dira 2026ko Gasteizko jaiak, eta hilabete baino gutxiago falta da Zeledonen jaitsierarako. Gaur, Maider Etxebarria alkateak eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak abuztuaren hasieran hiria girotuko duen jaien egitarau osoa aurkeztu dute. Sei egunetan, adin guztietako herritarrentzako egitarau zabala egongo da hiriko hainbat tokitan; 1,1 milioi euroko aurrekontua erabiliko dute jaietarako.

Etxebarriak azaldu duenez, 400 jarduera baino gehiago eta 23 jai gune izango dira, hiri osoak Andre Maria Zuriaren jaiak bizi ditzan. Horrekin batera, mezu argia eman du: «Denon artean bakean eta berdintasunean gozatzeko gai izan behar dugu».

Jaien atarian ere ekitaldi ugari egongo dira, Kultura zinegotziak azaldu duenez: «Aurten, jaien aurreko ekitaldien aldeko apustua sendotuko dugu, eta hiru hitzordu nagusi izango dira: abuztuaren 1ean, txistu kontzertu berritua izango da; hilaren 2an, Iñigo Etxezarretak irakurriko du pregoia; eta hilaren 3an, Iñaki Palaciosek Foruen plazan ikuskizuna emango du».

Mota guztietako jarduerak izango dira, eta horien artean musikari lotutakoak izango dira nagusi. Kulturako zinegotziak dioenez, «oso jai giroko kontzertuak programatu dira, kalitatezkoak, estilo desberdinetakoak eta gaur-gaurkoak». Gainera, bertako musikariei protagonismo handiagoa eman nahi izan dietela adierazi du. Besteak beste, Outgravity, Mamuak, Dirdaia eta Disolventex ariko dira.

Musika eskaintzari dagokionez, Foruen plazan izango dira aurtengo kontzertu nagusiak. Horrez gain, hiriko beste hainbat gunetan ere —Falerinako lorategian, Plaza Berrian eta Probintzia Plazan— estilo askotako ikuskizunak izango dira. Euskal folkloreak, bertsolariek eta dantzek beren lekua izango dute Aihotz eta Santa Maria plazetan, eta musika klasikoa izango da Luis Aranburu aretoan.

Antzerkia Felix Petit antzokian egingo da berriz. Horrez gain, jaietako beste ikuskizun klasiko batzuk ere bueltan izango dira: Mendizabalako su artifizialak, Juan de Ayala plazako azoka, Zoko Arabiarra eta goizero bigantxak Iradier Arenan.

Haurrentzako eskaintza

Txikienek ere euren lekua izango dute jaietan. Arriaga parkea jolas eta abentura gune nagusia bihurtuko da, eta adinaren araberako jolas eremuak jarriko dituzte. Horretaz gain, egunero gargantua, erraldoiak eta buruhandien konpartsak ibiliko dira hirian zehar, eta gauero zezensuzkoen ikuskizuna izango Olagibel kalean.

2026ko Gasteizko jaietarako egitarau osoa Gasteizko Udalaren webgunean kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA