Gasteizko Udalak geldiarazi egin du Judimendiko parkea berritzeko lanen parte bat, haurrentzako jolasak instalatzen ari ziren bitartean aztarna arkeologikoak aurkitu dituztela eta. Lanak abuztuaren amaieran hasi ziren, eta, proiektuaren barruan, aurreikusita zegoen haurrentzako jolasak, tirolina bat eta txakurrentzako gune bat jartzea. Bada, parkeko tabernaren ondoan tirolina, txakurrentzako jolasak eta beste elementu batzuk instalatzen ari ziren langileek, hain zuzen, aztarna arkeologikoak izan zitezkeen elementuak aurkitu zituzten. Obrak Viveros Eskalmendi enpresari adjudikatu zitzaizkion, 228.000 euroko inbertsioa eginda, eta udalak espero zuen lau hilabetean amaitzea.
Astelehenean, tabernatik urrunen dagoen gunean lanean ari ziren langileek hezur batzuk aurkitu zituzten indusketa lanetan. Beraz, Gasteizko Udalak halako kasuetarako protokoloa abiarazi zuen berehala, eta Arabako Foru Aldundiko Arkeologia Zerbitzuarekin harremanetan jarri.
Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, aldundiko teknikariak azterketa lanetan ari dira, aztarnak zer jatorritakoak diren zehazteko. Prebentzio neurri gisa, eremua hesitu eta olana batez estali dute, aztarnak babesteko eta segurtasuna bermatzeko: «Parkearen alde horretan, lanak geldirik egongo dira aurkikuntzak zenbatekoak eta zehazki zer-nolakoak diren jakin arte. Gainerako eremuetan, lanak normal ari dira aurreratzen».
Udalak Arabako Foru Aldundiarekin koordinatuta dihardu, teknikari espezialistek egindako urratsen berri izateko eta Arkeologia Zerbitzuaren jarraibideen arabera jarduteko.