Atzo arratsaldeko bostetan, Gasteizko biztanle ugarik harrituta begiratu zuten zerura, ke hodei beltz-beltza altxatu baitzen hiriaren hegoaldetik. Izan ere, hirigunetik aparte piztu zen sute bat, Gardelegiko zabortegian. Arratsalde osoa egon zen garretan, lautadako zeru urdinera kea botatzen. Gaur goizean, ordea, ez zen kerik ageri zeru lainotuetan, goizaldean itzali baitituzte suhiltzaileek garrak.
Suteak ez du kalte larririk eragin: bost pertsona artatu zituzten osasun zerbitzuek kea arnasteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, baina ez zen beharrezkoa izan haietako inor ospitalera eramatea. Arabako eta Gasteizko suhiltzaileek itzali dute sua.
Gasteizko Udalak kezka adierazi zuen atzo, sua itzaltzeko agian «denbora luzea» beharko zela. Ezbeharra zela eta, atzo larrialdi zerbitzuek Gasteizko mendietan eta inguruetan kirolik ez egiteko eskatu zieten hiritarrei, baita A-2124 errepidea ez erabiltzeko ere. Behin sutea amatatuta, ez dago jada arriskurik inguru horietan. Agintariek ez dute oraindik zabaldu zerk eragin zituen garrak.Â
Bigarrena denbora gutxian
Ez ei da hilotan Gardelegiko zabortegian piztu den sute bakarra. LAB sindikatuak zabaldu duenez, apirilaren 20an ere piztu ziren garrak zabortegian, eta langileek «baldintza bereziki arriskutsuetan» amatatu behar izan zuten sutea, gauez egin behar izan baitzituzten itzaltzeko ahaleginak.
Orduko hartan, amatatzea lortu zuten, eta suhiltzaileen esku hartzerik gabe amaitu zen afera. Alta, LABen ustez, «baliabide eta protokolo falta kronikoa» ditu egun Gasteizko zabortegiak. Sindikatuaren arabera, beharginek ez dute suteei aurre egiteko baliabiderik, ezta prestakuntza berezirik ere. Suteetan jarduteko protokolo berezirik ere ez dago, sindikatuak duela lau urtetik hona eskatuagatik.
Baliabide falta horrek «arriskuan» jartzen ditu langileak, LABen aburuz. Zabortegiak behar baino langile gutxiago dituela ere salatu du sindikatuak. Beharginen segurtasuna ziurtatzeko «berehalako neurriak» eskatu dizkie sindikatuak Gasteizko Udalari eta zabortegiaren kudeaketaz arduratzen den enpresari.Â