Urtero bezala, udazkenak zinema afrikarren jaialdia dakar Gasteizera. Gaur hasiko da, hain zuzen ere, Afrikaldia Arabako hiriburuan, Gorsy Edu artista ginearraren inaugurazio ekitaldiarekin. Hasiera horren ondotik, Afrikako hainbat herrialdetako hamar pelikula ikusi ahalko dituzte bertaratzen direnek. Emanaldi gehienak Arkabian izango dira, gaztelerazko azpidatziekin, baina aurten film horietako hainbat euskaraz ere gozatzeko parada izango da, horietako lau Izaskun Arrue Kulturgunean emango baitira, euskarazko azpidatziekin.Â
Zinemaren bitartez, Afrikako kulturen eta artearen «aberastasuna» mundura zabaltzea du helburu jaialdiak. «Elkarbizitza, elkarrizketa eta ulermena» ere sustatu nahi dituzte. Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak eta Kultura Bendera elkarteak antolatzen dute jaialdia, Gasteizko jatorri afrikarreko komunitateekin elkarlanean. Aurten, pelikulez gain, bestelako ekitaldi sorta ere antolatuko dute: tailerrak, zinemaren munduko langileentzako topaketak, unibertsitateko mintegiak...

Pelikula askoren aurkezpenerako, haien zuzendari edo protagonistak ekarriko ditu Gasteizera Afrikaldiak. Asteazkenean Izaskun Arruera Toni Cade Bambara School of Organizing dokumentala ikustera bertaratzen direnek, esaterako, Louis Massiah eta Monica Henriquez zuzendariekin hitz egiteko parada izango dute. Igandean, berriz, 713317. kexa izango da ikusgai Arkabian, eta han izango da Yasser Shafiey zuzendari egiptoarra, bere artelana aurkezteko. Sarrerak eskuragai daude jada arkabia.eus/evento/afrikaldia/ eta sarrerak.iak.eus webguneetan.Â