46 urteko gizon bat atxilotu zuen Gasteizko Udaltzaingoak atzo goizaldean, indarkeria matxista egotzita. Koroatze auzoan jazo zen erasoa, goizaldeko bostak aldera. Emakume batek udaltzainei dei egin zien, bikotekideak eraso egin ziolako. Andrearen kontakizunaren arabera, gizona alkohola eta bestelako drogak kontsumitu ondoren iritsi zen etxera, eta emakumea jo zuen. Kolpeen ondorioz, zauria eragin zion ezpainetan, eta erasoaren ondoren etxetik alde egin zuen. Agenteak haren bila aritu ziren, eta Pilar auzoko atari batean aurkitu zuten, lotan. Gizona galdekatu ostean, atxilo eraman zuten agenteek, bikotekideari eraso egitea leporatuta.
Nafarroan, berriz, 34 urteko gizon bat atxilotu zuen asteburuan Iruñeko Udaltzaingoak, sexu eraso bat egin izana egotzita. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, igande goizaldean jazo zen atxiloketa, Arrotxapea auzoan, baina ez dute zehaztu erasoa noiz gertatu zen.

