Joan den ostiralean, Gasteizko Probintzia plazan, Biharkoak izeneko ekitaldia egin zuen Arabako Foru Aldundiak, landa eremuan lanean hasiko diren hemezortzi gazte aurkezteko. Aldundiak azaldu zuenez, halako ekitaldien helburua da «landa eremuari lotutako bizitzaren aldeko apustua egin dutenen lana ikusaraztea eta hari balioa ematea».
2015ean martxan jarritako belaunaldi erreleboaren programari esker, 170 gaztek baino gehiagok egin dute jauzia nekazaritza eta abeltzaintzaren mundura Araban. Azken deialdian, 870.000 euro jarri dira instalazio berriak errazteko, eta 4,4 milioi euro ustiategien modernizaziorako. Laguntzek arreta berezia jarri dute sektore estrategikoetan, hala nola behien esne eta haragi ustiategietan, hazitarako patataren ekoizpenean eta baratzezaintzan.
Ekitaldian, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azpimarratu zuen lehen sektorea «ekoizpena baino gehiago» dela: «Lurraldea da, kultura da, jasangarritasuna da». Gazteei mintzatu zitzaien ondoren: «Zelaiak badu erreleboa, eta zuek zarete errelebo hori».
Ahaldun nagusiak aitortu zuen, halaber, 2025a urte zaila izan dela azpisektore batzuentzat, bereziki mahastizaintzarentzat —mahats bilketa laburra eta zorrotza izan baita— eta erremolatxarentzat, ekoizpen kostu handien ondorioz. Hala ere, egokitzeko eta hazteko gaitasuna erakutsi duten sektoreak ere nabarmendu zituen, eta behi aziendaren sektorea bereziki goraipatu.