Nafarroako Probintzia Auzitegiak lau urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati Tuteran (Nafarroa) adingabe bat bortxatzeagatik. Fiskaltza, akusazio partikularra eta defentsa akordio batera iritsi dira, eta horri esker hainbat aringarri aplikatu zaizkio gizonezkoari. 47 urte ditu erasotzaileak, eta  behin-behineko espetxealdian dago 2024ko martxoaren 30etik eraso horrengatik.
Epaian jasotzen denez, gertakariak 2024ko martxoaren 27tik 28rako gauean izan ziren. Biktima erasotzailearen etxebizitzan agertu zen, nola iritsi zen gogoratu gabe, aurretik gau osoa kalean eman eta drogak kontsumitu ondoren, ustez beste pertsona batzuren presiopean. Behin etxebizitzan, erasotzaileak emakumea bortxatu zuen, hark bere burua defendatzeko aukerarik izan gabe. Biktimak etxebizitzatik irtetea lortu zuen, bere amari deitu zion eta ospitalera joan zen, eta han auzitegiko mediku batek aztertu zuen.
Epaiaren arabera, gizonezkoak ezin izango du biktimarengana hurbildu gutxienez 500 metroko distantziara, ezta harekin komunikatu ere hamar urtez. Horrez gain, espetxe zigorra bete ondoren, zortzi urteko zaintza neurriak bete beharko ditu.Â
Erantzukizun zibilari dagokionez, 10.000 euroko kalte-ordaina ezarri diote biktimari eragindako kalte moralagatik. Diru kopuru hori epaiketa baino lehen ordainduta zegoenez, epaileak kaltea konpontzearen aringarria aplikatu du. Era berean, droga kontsumoari lotutako aringarria ere aintzat hartu du; hau da, epaileak ondorioztatu du akusatuak alkohola eta kokaina kontsumitu zituela gau hartan, eta horrek bere gaitasunak murriztu zituela.
Atxilotuak indarkeria matxistagatik
Indarkeria matxista kasuak ugaritu egiten dira jaiegunetan, emakumeek denbora gehiago pasatzen baitute erasotzailearekin, bikotekidea edo gertukoa badute. Hain zuzen, aurreko asteazkenean, hilketa matxista bat egon zen Basaurin (Bizkaia), eta atzo, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Berrizen (Bizkaia), labanaz bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Gasteizen, berriz, hiru gizon eraman ditu atxilo udaltzaingoak: indarkeria matxista egotzita bi, eta urruntze agindua hausteagatik bestea.
Ikusi gehiago
Ostegun Santuko goizean egin zuten lehen atxiloketa. San Anton plazan hainbaten arteko eztabaida zelako abisua jaso zuten udaltzainek, eta, bertaratzean, elkarri oihuka ari zitzaizkion gizon bat eta emakume bat kausitu zituzten. Andrearen bikotekide ohia zen gizona, eta eraso egin zion, lekukoek agenteei adierazi zietenez. Gainera, biktimak baieztatu zuen ez zela haren erasoren bat jasaten zuen lehen aldia, eta, ondorioz, atxilo eraman zuten 25 urteko gizona. Ostiral goizaldean, berriz, 28 urteko gizon bat atxilotu zuten agenteek, bikotekidearen aurkako tratu txarrengatik. Egoera salatu zuen lekukoaren arabera, egun hartako erasoaz gainera, gizonak emakumea «kontrolatzen zuen, errespetu faltak etengabekoak ziren, eta jelosia zela-eta hainbat telefono mugikor apurtu zizkion».Â
Atzo egin zuten azken atxiloketa. Udaltzainek ibilgailu bat geldiarazi zuten ohiko kontrol batean. Gizon bat eta emakume bat zeuden bertan, eta, bidaiariak identifikatzean, gizonak emakumearengandik urruntzeko agindua zuela ohartu ziren agenteak. Agindu hori urratzea egotzita, atxilo eraman zuten 31 urteko gizona.Â