Indarkeria matxistaren adierazpenen aurka «jarrera aktiboa» izateko deia egin die Berangoko Udalak herritarrei: «Ez dugu onartu behar, ez dugu isilik egon behar, eta gure babesa eman behar diegu indarkeria jasan dutenei». Hain zuzen, Bizkaiko Uribe Kosta eskualdeko udalerri horretakoa zen zantzu guztien arabera bikotekideak joan den asteazkenean Basaurin hildako 44 urteko emakumea. Horiek horrela, gaur arratsalderako elkarretaratzera deitu du udalak, Berangoko Emakumearen Elkartearekin batera: 19:00etan batuko dira, Sabino Arana kalean, pilotalekuaren aurrean.
Erlazionatuta
Emakume bat hil zuten asteazkenean Basaurin (Bizkaia), eta biharamunean haren bikotekide zena —45 urteko gizonezko bat— atxilotu zuen Ertzaintzak. Andrea ondoezik zegoela eta, larrialdi zerbitzuei deitu zieten haren etxera joan zitezen. Ezin izan zuten ezer egin, eta bertan zendu zen emakumea. Gorpuari egindako azterketen ondorioz, ertzainek ikusi zuten indarkeriazko hilketa bat izan zela. Hortaz, ostegun goizean atxilotu zuten gizona, giza hilketa leporatuta. Hala ere, larunbatean aske utzi zuten behin-behinean; ikerketa martxan da oraindik.
Bada, biktima «Berangon hazitakoa eta hezitakoa» zela baieztatu dute Uribe Kostako udalerri horretako agintariek. Berangoko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du, eta «erabateko gaitzespena eta sumindura» adierazi hilketa matxista horren harira: «Hilketa matxismoaren adierazpenik larriena da, baita lehen mailako gizarte arazoa ere, duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten baitu, batez ere hura pairatzen duten nahiz hari aurre egiten dioten emakumeen aurka», azpimarratu dute.
Lehenik eta behin, «laguntza» eskaini eta «elkartasun osoa» adierazi die udalak biktimaren senideei eta ingurukoei, eta haien esku jarri indarkeria matxistaren aurkako arreta eta babes zerbitzu espezializatuak.
Bestalde, Berangoko agintariek erabat gaitzetsi dituzte emakumeek jasaten dituzten bortizkeria matxista guztiak, eta herritarrei gogorarazi diete «gizartean oraindik nagusi den emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpena» direla.
Ildo horretan, herritar guztiei dei egin diete indarkeriaren aurkako borrokan «zeregin aktiboa» izan dezaten, «azken batean, erantzukizun indibidual eta kolektiboa hartu behar baita eraso matxisten harira». Gaur arratsaldean elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, udal pilotalekuaren aurrean, Basauriko hilketa gaitzesteko.
Manifestazioa Berrizen
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bestelako jakinarazpenik izan ez denez ondoriozta daitekeenez, oraindik komisarian dago emakume bati hainbat labankada eman zizkion 48 urteko gizonezkoa. Ertzaintzak atzo goizean atxilotu zuen, Berrizen (Bizkaia), labana batekin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Emakumea larri eraman zuten Gurutzetako ospitalera. Berrizko Mugimendu Feministak manifestaziora deitu du gaur 18:30erako, eraso matxista salatzeko. Udaletxe aurretik aterako da mobilizazioa, eta herritarrei dei egin diete emakumeen aurkako erasoei «erantzun sendo eta bateratua» emateko.
Erlazionatuta
Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, Polizia 07:20an bertaratu zen bikotea zegoen etxera, abisu bat jaso ostean. Hara iritsi direnean, 38 urteko emakumea topatu zuten, larri, arma zuriz egindako hainbat zauri zituela. Bertan artatu zuten, eta ospitalera eraman gero, helikopteroz. Emakumearen lau seme-alabak etxean ziren erasoa izan zenean, eta haiek eta bizilagun batek erasoa geldiarazi zuten, Ertzaintzak jakinarazi zuenez. Biktimaren alabetako bat ere zauritu zuen gizonak, arin.
Erasotzailea, berriz, kalean atxilotu zuen Poliziak, eta genero indarkeriari lotutako hilketa saiakera egotzi zioten. Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.
Aurten hiru emakume hilik
2003az geroztik 135 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek. Iaz zazpi emakume eta adingabe bat hil zituen indarkeria matxistak, eta aurtengo lehen hiru hilabeteetan hiru biktima izan dira jada. Otsailean Tatiana Rodriguez hil zuen haren bikotekideak, Sarrigurenen (Nafarroa); 28 urte zituen, eta lau seme-alaba. Bikotea banatzeko prozesuan zen, eta, eztabaida batean, gizonak labanaz eraso zion Rodriguezi; erasotzaileak bere ama ere zauritu zuen, hura erraina babesteko ahaleginean ari zela.
Martxoaren 21ean, berriz, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat hil zuen bikotekideak Espainian, Zaragozan zehazki; han bizi zen aspalditik. Gizona andrearen lantokira joan zen, eta kalean tiro egin zion; ondoren, erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen. Emakumeak 49 urte zituen, eta bi ume, horietako bat adingabea.
Azkenik, apirilaren 1ean, emakume bat hil zuen haren bikotekide zenak Basaurin (Bizkaia): Berangon jaiotakoa zen andrea, eta 44 urte zituen. Emakumea ondoezik zegoela eta, larrialdi zerbitzuei deitu zieten haren etxera joan zitezen. Baina ezin izan zuten ezer egin, eta bertan zendu zen emakumea. Gorpuari egindako azterketen ondorioz, ertzainek ikusi zuten indarkeriazko hilketa bat izan zela. Hortaz, gizona atxilotu zuten, giza hilketa leporatuta. Hala ere, larunbatean aske utzi zuten behin-behinean.