Eusko Jaurlaritzak Lakuan (Gasteiz) duen egoitzaren aurrean bildu dira gaur Ikasle Antolakunde Sozialistako (IAS) kideak, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan instalaturiko kameren kontra daudela esateko. Agerraldietan ohikoa duten formazio lerrokatuan, «Kamerarik ez! Iruzurrari aurre egin» eta «Kamerarik ez! Eusko Jaurlaritzaren inposaketei ez!» dioten kartel parea aurrean, salatu dute Jaurlaritzak kurtso amaiera profitatu duela lehenago instalatu ezin izan dituen kamerak «ezkutuan» jartzeko.
Ikasle antolakundeko eledunen arabera, ikasgeletan kamerak jartzea «inposaketa bat» da, ez baitira irakaskuntzarako tresna, «kontrol sozialaren normalizaziorako» elementuak baizik. Digitalizazio estrategien barruan jarri nahi ditu Jaurlaritzak kamera horiek; eskolak grabatzeko eta sarean eskolak emateko baliagarriak direla argudiatu du. Baina kamera horiek «zaintza elementu gisa» erabiliko diren beldur dira IASkoak. Hori dela eta, ohartarazi dute Jaurlaritzak atzera egin ezean hurrengo ikasturtean «borrokak» abiaraziko dituztela ikastetxeetan, eta ez dutela baztertzen «borroka auzitara eramateko» urratsa egitea.
75 ikastetxe eta «negozio handia»
IASkoek azaldu dutenez, ikasturte osoan zehar saiatu da Jaurlaritza ikasgeletan kamerak jartzen. «Digitalizazio tresnen barruko elementu bat dela diote, beharrezkoa bada sarean klaseak emateko tresna», azaldu dute. «Urrian» hasi zen Jaurlaritza kamera horiek instalatzen, «gutxienez 75 zentrotan». IASk eta «hezkuntza komunitatearen zati handi batek» aurkako jarrera azaldu zuten, kontrako jarrera horren atzean zeuden argudioak plazaratu zituzten, eta, horren ondorioz, Hezkuntza Sailak argitu zuen kamerak jartzea «hautazkoa» zela.
Hautazkotasun hori baliatuta, 37 ikastetxetan kameren instalazioa «atzera botatzea» lortu zuten ikasleek, IASren datuen arabera. Kameren instalazioaren aurka 10.000 sinadura biltzea lortu dutela ere nabarmendu dute. Gailu horien instalazioaren atzean «milioika euroren negozioa» dagoela salatu dute. Izan ere, Europako funtsetatik 846 milioi euro bidaliko dituzte Espainiako Gobernuaren aginpidean dauden erakundeetara ikasgeletan kamerak jartzeko; Eusko Jaurlaritzaren eraldaketa digitalerako planak, adibidez, 270 milioi euroren inbertsioa aurreikusten du.
Diru horren azken helmuga, batzuetan, «Israelekin harremanak» dituzten enpresak direla ere salatu dute IASkoek. «Kameren hainbat hornitzailek harremanak dituzte Israelgo Defentsa eta Barne Ministerioarekin, eta horren adibide da Bechtle hornitzaile militarra». Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko Alemaniako multinazional horrek 2 milioi euro inguruko emakida jaso zuen duela gutxi, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan kamerak instalatzeko.
Auzitara
IASkoek salatu dute Jaurlaritza «azken hiru hilabeteotan» ikasturtearen amaiera profitatzen ari dela orain arte kamerak arbuiatu dituzten hainbat ikastetxe publikotan tresna horiek instalatzeko. «Derrigorrezkoa ez zela esan zutenetik, hainbat ikastetxetan jarri dituzte kamerak. Adibidez: Matienako eta Muskizko institutuetan (Bizkaia), Beasaingo Txindoki institutuan, Eibar BHIn, Orioko Juan Zaragueta herri eskolan, Zarauzko Lizardi institutuan (Gipuzkoa) eta Gasteizko Ikasbidea institutuan», zerrendatu dituzte hainbat adibide.
Jokaera hori deitoratu dute ikasle sozialistek, eta kexu agertu dira kameren instalazioa «ezkutuan eta inolako azalpen publikorik eman gabe» egin delako. Kameren aurkako borrokari jarraipena emango diotela hitzeman dute, eta datorren ikasturtea ikastetxeetan kamerak dituztela hasten bada «ikastetxe bakoitzean borrokak» antolatuko dituztela iragarri dute.
Auzitara jotzeko motiboak ere ikusten dituzte, IASko kideen ustez ikasgeletan kamerak izateak intimitaterako, norbere irudirako edo ohorerako eskubideak urratzen dituelako. Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzari «exijitu» diote bertan behera uzteko kameren instalazioa, eta hezkuntza komunitateari eskatu diote borrokarekin bat egiteko.