«Hirira iritsi berri, eta ez dakizu nondik hasi?». Galdera hori egiten die Gasteizko Harrera Bulego berria iragartzen duen kartelak migratzaile iritisi berriei. Izan ere, EH Bilduk Gasteizko udal gobernuarekin aurtengo aurrekontuak onartzeko izenpeturiko akordioaren ondorioz —PSE-EE eta EAJ alderdiek osatzen dute gutxiengoko gobernu hori—, hirira heltzen direnei informazioa eskaintzeko proiektu hori jarri du martxan Gasteizko Udalak. Gaur aurkeztu dute jendaurrean bulegoa, eta bertan izan dira Pascual Borja Bizikidetzaren eta Aniztasunaren zinegotzia (PSE-EE), Alberto Porras EH Bildu Gasteizko udal taldeko zinegotzia eta Filomena Abrantes Egoiliar Afro-amerikarren Elkarteko ordezkaria.
Udalak «gizarte, hezkuntza, osasun eta formakuntza» alorretan etorri berriei eskaintzen dizkien baliabideei buruzko informazioa emango dute bulegoan. Borja zinegotziaren hitzetan, migratzaileak hirian integratzeko tresna gisa ez ezik, iritsi berritan jaso ohi dituzten «informazio faltsuen» aurka egiteko baliabide gisa ere planteatu dute bulegoa. Porrasen ustez, berriz, bere alderdiak «Gasteizera iritsi berri direnei auzoetako jarduera komunitarioan sartzen» lagundu nahi die, eta baliabide hori «tresna erabilgarria eta erreferentziazkoa» izan daitekeela uste du.
Eskola kaleko 11. zenbakian dago bulegoa, eta zabalik egongo da astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, eta astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara. Agintariek zehaztu dutenez, ez da aurretiaz ordua eskatu beharko, eta unean uneko baliabideen arabera erantzungo zaie bertaratzen direnen beharrei. Gainera, taldeko informazio saioak ere antolatuko dituzte bulegoan, askotan jasotzen dituzten kontsultei erantzuna emateko. Gaztelera eta euskara ikasteko hasiberrientzako ikastaroak ere egingo dituzte.