Iñigo Etxezarreta ETSko abeslaria izango da 2026ko Gasteizko jaietako pregoilaria

Gasteizko Udalak gaur aurkeztu du Andre Maria Zuriaren jaietako pregoilaria. Arabako hiriburuarekin duen lotura nabarmendu du Etxezarretak: «Gasteiztarra naiz, hemen jaio eta hemen hasi nintzen». Abuztuaren 2an izango da pregoia, Plaza Berrian, 21:30ean.

Iñigo Etxezarreta ETSrekin jotzen, iaz, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iñigo Etxezarreta, ETSrekin jotzen, iaz, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 21a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badaude prentsaurreko misteriotsuak, intrigari azken ordura arte eusten diotenak. Besteak beste, jaietako pregoilariak aurkeztekoak: erakundeek azkeneraino gorde nahi izaten dute sekretupean nor arduratuko den jaiak abiatzeaz. Hain zuzen ere, zuhurtziaz jokatu du Gasteizko Udalak ere: atzoko prentsaurreko deialdian, Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziaren izenaren ondoan, «2026ko Gasteizko jaiak iragartzeaz arduratuko dena» ageri zen idatzita, bestelako izenik gabe. Zinegotziak, ordea, gaur argitu du misterioa: ETSko abeslari Iñigo Etxezarreta izango da Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emango diena. 

Ez da debaldeko hautua: Euskal Trenbide Sarearen akronimo bera duen ska talde ezaguna Arabako Errioxako Ekorakoa da jatorriz, baina Etxezarreta gasteiztarra da jaiotzez, eta Arabako hiriburuan egin zituen lehen pausoak musikaren munduan. Gasteizekin duen lotura azpimarratu du abeslariak berak ere: «Gasteiztarra naiz, hemen jaio eta hasi nintzen», oroitu du, bere hastapen musikalei erreferentzia eginez. Gasteiztar gazte bat —eta gazte jendearen artean ezaguna— aukeratuta, pregoia «publiko berriei» zabaltzea du helburu udalak, Diaz de Corcuerak azaldu duenez: «Zergatik ez egin gazte jendea ere barne hartzen duen pregoi bat?», bota du galdera erretorikoa zinegotziak.

Ikusteko dago Etxezarretaren pregoiak jende gaztea erakarriko ote duen Plaza Berrira. Hori jakin nahi duenak, bertaratu egin beharko du: abuztuaren 2an izango da pregoia, 21:30ean. Hori bai, bada oraindik ere misterio bat argitzeko. Prosa soilean egingo al du ETSko abeslariak pregoia, edo bere dohain musikalak erabiliko ote ditu, ikusleen gozagarri? Horri buruz galde eginda, Etxezarretak irribarretsu eman die arrapostua kazetariei: «Ez dut baztertzen kantatzea». Misterio hori argitzeko ere, abuztura arte itxaron beharko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE