Isaak Diez sortzailearen (Gasteiz 1891-Venezuela 1962) ekoizpen artistikotik jatorrizko pieza gutxi geratzen dira gaur egun, eta haren margolan gutxi daude bilduma publikoetan. Artistari buruzko bibliografia ere urria da, eta dagoen informazio asko, gainera, garai hartako material grafikoaren bidez ezagutzen da. Adituen hitzetan, Ignacio Diaz Olano, Obdulio Lopez Uralde eta Adrian Aldekoa garai hartako artisten «itzalpean» geratu zen Diez, «bigarren mailan», baina artista «handia» izan zen, askotariko diziplinak landu zituena.
Arabako Arte Ederren Museoak artistaren hiru margolanekin osatu du Isaak Diez (1891-1962). Artista arabar baten bizitza eta obra erakusketa, baina hiru pintura horiek baino gehiago da bilduma. Diezen bizitzaren eta ibilbide artistikoaren inguruko ikuspegi zabala ematen du erakusketak, baina, batez ere, «itzalpetik argitara» ekartzen ditu Arabako historian «urardotuta» geratu den artista horren lana, militantzia politikoa eta bizitza. 2026ko apirlaren 12ra arte zabalik egongo da.
Erakusketara doanak artistaren aurpegia ikusiko du beste ezer baino lehen. «Oso zaila da Isaak Diezen irudi bat topatzea, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun haren aurpegia erakustea», azaldu du Ana Arregi Barandiaran artearen historialariak. Artistaren irudiarekin batera, haren bizitzaren pasarterik garrantzitsuenak irakur daitezke zenbait testutan.
Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta bertako irakaslea izan zen. Margolaria, eskultorea, gidoilaria eta aktorea izan zen, besteak beste. Zinemagintzan egindako lanari dagokionez, Josetxo filmaren zuzendari eta aktorea izan zen —Araban filmatu zen lehen filma da, eta gaur egun desagertuta dago—. EAJn aktiboki militatu zuen, eta 1936ko gerraren ondoren erbesteratu egin zen, lehenik Frantziara eta gero Venezuelara.
Sormena eta militantzia, eskutik
Artistak zenbait garaitan pintatutako hiru margolan ikus daitezke erakusketan.1914koa da haietako bat: Emakume ijitoa. Diezen pintura goiztiarra da, 23 urterekin margotutakoa, bere ibilbidearen hasieran. Margolariak egindako proba bat izan zen, artean errepertorio eta molde propioaren bila zebilela. Emakume ijitoak, majak eta manolak ohikoak ziren XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehen hereneko artista askoren lanetan; museoaren bilduman bertan, adibidez, badira zenbait egilerenak: esaterako, Daniel Zuloaga, Juan Etxebarria eta Gustavo Maezturenak. Hain justu ere, Maezturen Emakume dantzaria margolanak eta Diezen Emakume ijitoa-k hainbat ezaugarri komun dituzte: emakumearen irudi eskultorikoak dira biak, eta folklore eta konstumbrismoaren sinbologia oso presente dago.
«Oso zaila da Isaak Diezen irudi bat topatzea, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun haren aurpegia erakustea»
ANA ARREGIArte historialaria
1934. urtea garrantzitsua izan zen Diezen bizitzan. Alde batetik, gogotik parte hartu zuen EAJren Aberri Eguna antolatzen —politikoki zein artistikoki—, eta, bestetik, jaioterria atzean utzi eta Errenteriara (Gipuzkoa) joan zen bizitzera. Gainera, urte horretan Gasteizen ospatutako Aberri Egunerako egitaraua eta kartela egin zituen. Afixa horretan, gizon bat eta emakume bat kateaturik ageri dira, zazpi probintzien armarriari —Zazpiak Bat deritzona— eusten daudela.
Urte berekoak dira, halaber, artistaren margolan ugari. Gasteizko Circulo Vitoriano elkartearen aretoetan egindako erakusketa batean haren lan batzuk erakutsi zituzten —Frutak, Nire ama, Loreak, Erromeria, Lautada (Araba)... — Adrian Aldekoa eta Aurelio Vera-Fajardoren pinturekin batera. Arabako Arte Ederren Museoan ikusgai dagoen Gasteizko ikuspegia obra ere garai berekoa da. Zehazki noiz pintatu zuen ez dago argi, baina ziurtzat jotzen dute 1936ko gerraren aurrekoa dela.
Margolanean Gasteiz hiriaren ikuspegi zabala ikus daiteke, non elizetako dorreak nabarmentzen diren; bereziki, Santa Maria katedralekoa: Arabako hiriburua inguratzen zuten laborantza lurrak aurreneko planoan ageri dira, eta industrializazioaren lehen arrastoak ikus daitezke. Kolorea da margolanaren bereizgarria: tonalitate askotako zuhaitz berdeak, eta arrosa eta malba koloreko zerua.

Urte hartan bertan, 1934an, Errenteriara joan zen bizitzera, Arte eta Lanbide Eskolan eszedentzia hartuta. Ez dago argi zer dela-eta joan zen hara, baina han marrazketa eskolak ematen jarraitu zuen. Hala ere, Diezek jaioterriarekin lotuta segitu zuen, Arabako hainbat pintura lehiaketatan esku hartuz. 1936. urtean, adibidez, Arabako Artisten Pinturen Erakusketan parte hartu zuen, eta hiru margolan eraman zituen hara: Nire estudiotik, Gipuzkoako bazterra eta Txistu-txiki.
Hain zuzen ere, Txistu-txiki da museoak ikusgai jarri duen hirugarren lana. 1936an pintatu zuen, eta Narkisi eskainita dago, bere semeetako bati, alegia. Txapela eta kaikua jantzita ageri da txistulari gaztea, txistua eta danbolina jotzen. Bigarren plano batean, nabarmen lausoago ageri dira emakume batzuk, frutaz beteriko saskiak buruan daramatzatela. Landa eremuaren irudi idilikoa iradokitzen du margolanak, kostunbrismo etnografikoaren isla.