Galiziar bat, kataluniar bat eta euskal herritar bat gela batera sartu dira. Ez da koinatu batek gabon afariko mahaiaren bueltan kontaturiko txiste baten hasiera, atzo Gasteizko EHUren Letren Fakultatean benetan ikusi ahal izan zen gertakizun bat baizik. Bigarren urtez segidan, hiru herrialde horietako inprobisatzaileak batera kantatzen jarri zituzten Hoxe-bai-ets ikuskizunean. Izenak izana ere badakar kasu honetan, kantuan entzun ahal izan ziren hiru hizkuntzak konbinatzen baititu izenburuak: hoxe galizieraz gaur izaki, eta ets katalanez da.
Kataluniako glosa-k eta Galiziako regueifa-k ekitaldi horretan zituzten ordezkariek ez zuten lehenengo aldia, iaz ere aritu baitziren elkarrekin bertsotan Pontevedrako (Galizia) Nuria Penas eta Ripollgo (Girona, Herrialde Katalanak) Nuria Casals. Lehenengo aldia zuen, berriz, Maddi Agirre bertsolari gasteiztarrak, eta, gustura geratu bazen ere, horrelako saio batek «ahalegin berezia» eskatzen duela aitortu zuen: «Estimulu asko dira: doinu berriak ikasi, besteek diotena entzun... Azkenean, denbora gutxi izan dut nire bertsoa pentsatzeko!», zioen, barre artean, bertsoaldiaren ondoren. Aurreko urtetik oroitzapen onak zituen Casalsek, baina aurtengo esperientzia iazkoa baino are hobea iruditu zaio. «Liluragarria izan da, aurreko urtean bezala; are hobea izan da, gauza asko findu baitituzte».Â
Hizkuntzen arteko zubi
Bazegoen zer findua, hiru hizkuntzatan inprobisatzea ez baita ahuntzaren gauerdiko bertsoa. Aldibereko itzulpena konplexutasun handiko eginbeharra da, zer esanik ez bat-batean bertsotan ari diren abeslarien kantak itzultzea baldin bada kontua. EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio Graduko ikasleak aritu ziren itzultzaile; ikusleentzako ikusezin, baina bakoitza bere kabinan ekitaldirako funtsezko lanak egiten. Haien itzulpenei esker ulertu zuten elkar kantariek, eta, haien lana bitarte, gehiago izan zen itzulpenean aurkitutakoa, galdutakoa baino, Lost in Translation Sofia Coppolaren pelikula ezagun hartan ez bezala.Â
Alta, arazo teknikorik gabe ezin zen igaro halako saio bat, eta, une batean, inprobisatzaile galiziarraren laguntza eskeak eten zuen kantaldia. «Apagouse!» erran zuen Penasek; hots, itzali egin zela. Zuzeneko itzulpena entzuteko tramankuluak huts egin zion. Horrek, ordea, ez zion urduritasunik eragin, eta, makina aldatuta, bere bidean jarraitu zuen saioak.Â
Kultura batetik bestera jauzi
Hizkuntzen artekoa soilik ez, kulturen arteko zubi lana ere egin behar izaten da horrelakoetan. Batzuetan, gaizki-ulertuak izaten dira, eta hori zen Penasen ardura nagusia, kantatu aurretik. «Galizian, regueifa saio guztiek umore eta zirto karga handia izaten dute, eta beldur nintzen publikoak ez ote zuen pentsatuko hona bazterrak nahastera datorrena naizela», aitortu zuen bere kezka.
Publikoak, aldiz, laster kendu zizkion ardura horiek burutik. Unibertsitate barruko eta kanpoko jende ugari bertaratu zen, eta umorerako gogo handia zutela erakutsi zuten saioko azken ariketara iritsita. Manu Bendala gai jartzaileak, saioaren gidariak, aurretik banaturiko kartulinak erabiltzeko eskatu zien orduan ikusleei: kartulina gorria behar zuen altxatu saioa ixteko gai umoretsuagoa nahi zuenak, eta berdea, berriz, gai sakonagoa gura zuenak. Puntu berde bakanak altxatu ziren marea gorri baten erdian, jendea dibertitzeko gogoz zen seinale.Â
Eta dibertitu ziren, ongi dibertitu ere, kantariak inprobisazioaren balizko olinpiar jokoetara aurkezteko dopin kontrola igaro behar zuten lehiakideen rolean entzunda. Txisteek kulturen arteko mugak gainditu zituzten, eta publikoak zein bertsolariek ederki egin zuten barre.
Gainerako ariketak ere interesez entzun zituen jendeak, Galiziako eta Kataluniako bertso moldeetan ohikoak diren doinuen errepikak kantatzeko orduan apur bat herabeti agertu baziren ere, bertsoen azken ahapaldia soilik errepikatzera ohituegiak, apika. Publikoaren ahotsak apalegiak zirenean, ordea, Aner Peritz eta Miren Uriarte izan zituzten lagun bertsolariek, gitarrarekin lehena, eta trikitiarekin bigarrena. Doinua galiziarra zenean, aldiz, Penasek berak laguntzen zion abestiari, hango pandeireta eskuan.Â
Osagai horiekin guztiekin, bertsoen eta kulturen lapikoko ederra osatu zuten kantariek. Euskal Herriko doinu baten ostean Galiziako bat zetorren, eta, haren ondoren, Kataluniako aireek betetzen zuten aretoa. Hizkuntza batetik besterako bidaia etengabean igaro zen fite atzoko goiza.