Zenbait eragilek salatu dute enpresa batek berralokatu egiten dituela Gasteizko Judimendin berak alokatutako etxeak

Etxebizitzak zatituta berralokatzen dituzte, errentagarritasuna handitzeko. Ohartarazi dute halako enpresek «mezu sentsazionalistak» eta «diskurtso oportunistak» baliatzen dituztela, gizarte arrakala «inoiz baino gehiago» handitzeko.

Etxebizitza agentzia bateko erakusleihoa, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Etxebizitza agentzia bateko erakusleihoa, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko urtarrilaren 19a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Judimendi auzoko Gazte Asanbladak, Batuta elkartasun sareak, Ernaik eta Sumendi elkarteak salatu dute etxeak berralokatzeko alokatzen dituen enpresa bat zabaldu dutela auzoan. Enpresa mota horrek etxebizitzak alokatzen dizkiete etxejabeei, ondoren etxebizitza horiek zatitan banatuta berralokatzeko. Hau da, etxebizitza osoak alokatzen dituzte, beste batzuei gelak banaka errentan emateko, eta errentagarritasuna handitzeko. Auzoko eragileek salatu dute enpresa horiek eta etxebizitzen jabeek etekina ateratzen dutela eta auzotarrak pobretzen dituztela, eta enpresari eskatu diote auzotik alde egiteko.

Halako negozioei rent to rent (alokatzeko alokatu) deitzen zaie, eta negozio mota hori azkar hedatzen ari da. Auzoko elkarteek salatu dute «gelakako kontratuak, klausula itogarriak, ordaintzeko epe zorrotzak, fidantzen kudeaketa inpertsonal eta neurrigabekoa eta legez kanpoko etxegabetze saiakerak» legitimatu eta ohiko bilakatu dituztela halako negozioen bidez.

Eragileek azaldu dute «espekulatzaile horiek» sare sozialak eta mezu «sentsazionalistak» erabiltzen dituztela bozgorailu gisara: «Etxejabeen segurtasunik ezaren eta etxeak okupatzeko arriskuaren diskurtso oportunistak zabaldu nahi dituzte, negozioa egin eta prekaritatea sustatzeko». 

«Engainu hutsa»

Mezu «sentsazionalista» horietaz ez ezik, auzoa zaharkituta egoteaz ere baliatzen dira, azaldu dutenez: «Judimendiko etxebizitzen %80k 50 urtetik gora dituzte. Halako negozioek auzokideon beharrak baliatu ditzakete engainuaren eta erakargarritasunaren bitartez; etxeen mantentzea euren gain hartzen baitute. Baina kontuan izan behar dugu etekina ateratzea eta gu pobretzen jarraitzea dela haien helburua».

Auzoaren erradiografia bat ere aurkeztu dute: «18 eta 30 urte arteko gazteen %76 gurasoekin bizi dira, etxebizitzak ez dira irisgarriak, alokairuen prezioak ordainezinak dira, eta alokatzeko orduan irizpide arrazistak eta trabak gero eta ohikoagoak dira. Are gehiago, etxebizitza bat erostea ia ezinezkoa da».

Kontatu dute halako enpresen ondorioz auzoko gazteen egoera egunetik egunera are prekarioagoa dela, eta gutxi batzuk aberasten direla horren kontura: «Espekulazioa sustatzen dute, gazteen prekaritatea areagotu, eta haien emantzipazioa zaildu. Auzoko sareetan ere gatazkak sortzen dituzte». Ondorioz, adierazi dute ez dutela halako negoziorik onartuko: «Ez dugu gure miseria handituko duen negozio espekulatzailerik nahi gure auzoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.