Duela bi urte sinatu zuten Araban etxez etxeko laguntzaren sektoreko hitzarmen kolektiboari buruzko akordioa. CCOO sindikatuak sinatu zuen patronalarekin. Orduko hartan, gainerako sindikatuak akordio horren aurka azaldu ziren, akordioa «negoziazio mahaiaren eta sektorearen bizkar» egin zela iritzita, ez baitzuen gehiengo sindikalaren onarpenik. Izan ere, CCOOk ez du ordezkaritzaren gehiengorik sektore horretan. Hori dela eta, ELA sindikatuak justiziaren aurrean salatu zuen akordioa, «antidemokratikoa» zelako eta gutxiengo sindikal batekin adostu zelako. Horretaz gain, akordioak legez kanpoko hainbat artikulu zituela ere salatu zuten.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio orain ELAri, eta akordioaren sei artikulu baliogabetu ditu, «legez kanpokoak» zirelako. Epai irmo horren arabera, patronalak eta CCOOk berriro negoziatu beharko dute akordio hori. Sektoreko negoziazio mahaia berriro martxan den honetan, ELAk azpimarratu du «onartezina» litzatekeela uela bi urteko akordioarekin jazo zena berriro errepikatzea. Sindikatuen gehiengoaren borondatea errespetatzeko eta gutxiengoan akordiorik ez sinatzeko deia egin die patronalari eta erakundeei.