Zinema

Korterraza: bihar hasiko da film laburren aire zabaleko jaialdia

Euskarazko film laburrak eta Pelaxen kontzertua ikusteko aukera izango da bihar Gasteizen. Izaskun Arrue kulturgunearekin elkarlanean antolatu dute jaialdia, eta sarrera librea eta doakoa izango da.

Korterraza Gasteiz 01
Korterraza jaialdiko saio bat, Artium Museoaren kanpoaldean, artxiboko irudi batean. KORTERRAZA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 23a
11:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuzeneko musika eta film laburrak. Ezohiko konbinazio hori gorpuzten du Korterrazak, film laburren Gasteizko jaialdiak. Aire zabalean gorpuztu ere, zerupean proiektatzen baitituzte film labur horiek, udako tenperatura beroak profitatuta. Bihar ekingo diote jaialdiaren aurtengo edizioari. Musikaren ildoan, Pelaxen kontzertua izango da arratsaldeko zazpietan. Zortzietan, berriz, euskarazko bost film labur emango dituzte: Abata, Eguneroko legez, Azpian, Azkena eta Ultramarino.

Euskarazko film laburrei buruzko mahai inguru batekin borobilduko dute lehen jardunaldia, bederatzietan. Euskaraz filmatzeak dakartzan erronkei buruz mintzatuko dira parte hartzaileak. Hiru jarduera horiek Izaskun Arrue kulturgunean izango dira, erakunde horrekin elkarlanean antolatu baitute aurtengo jaialdia. Sarrera librea eta doakoa izango da, edukiera bete arte.

Ostegunean, berriz, Artium museoan egingo dute jardunaldia. Kontzertua bikoitza izango da egun horretan, A Contra Blues eta Moonshine Wagon taldeak arituko baitira, 18:30ean eta 20:15ean, hurrenez hurren. Ondoren, sail ofizialeko, komedia saileko eta erakusketa saileko film laburrak ikusi ahalko dituzte bertaratzen direnek, gaueko hamarretan hasita. 

Euskarazko film laburrak

  1. 'Abata' (Aner Etxebarria eta Pablo Vidal, 2025, 24'): Etxalarko azken uso ehiztariei buruzko dokumental laburra, Orson Welles zuzendariak egindako grabazio bat oinarri hartzen duena.

  2. 'Eguneroko legez' (Julen Duhau, 2026, 13'): Lau emakumek autobusa hartzen dute, egunero bezala, lanera joateko. Elkarri bakoitzaren penak eta eguneroko arazoak kontatzeko erabiltzen dute bidaia, eta haien kontakizunak gizartearen isla dira. 

  3. 'Azpian' (Danel Garai eta Laura Barquin, 2026, 5'): Bi ahizpa kondaira ilun bat ezkutatzen duen laku batean bainatzen dira. Zuzendariek beldurrezko pelikulen moldeak erabiltzen dituzte protagonisten familiaren desegitearen inguruko istorio intimoa kontatzeko. 

  4. 'Azkena' (Lorea Lyons eta Ane Ines Landeta, 2024, 9'): Lyonsen amaren eta amonaren benetako istorioa oinarri hartuta, amatasunaren eta familiaren inguruko hausnarketa eraikitzen dute zuzendariek animaziozko film labur honetan. 

  5. 'Ultramarino' (Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti, 2025, 18'): Pasaian giroturiko film labur honetan, generoak eta sexualitateak gizartean duten eragina aztertzen dute zuzendariek, Zazu nerabearen istorioaren bitartez. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA