Aurtengo martxoaren 3a igaroa da jada, eta, hortaz, gibelean geratu da 50. urteurren garrantzitsua markatzen zuen eguna. 1976ko langileen sarraskia oroitzeko Martxoak 3 elkarteak antolaturiko ekitaldien egitaraua, ordea, ez da urtemuga igarotakoan eten, urte osoan gertakari haiek oroitzeko ekintzak antolatzen jarraitzeko asmoa baitute. Ekitaldi horien artean, gaur aurkeztu dute Langile Zinemaren Astea. Gasteizko Arkabian egingo dute jaialdia, apirilaren 13tik 16ra, eta Euskal Herriko zein nazioarteko langile mugimenduari buruzko pelikulak ikusi ahal izango dira. Zikloa ixteko, Paul Laverty gidoigileari emango diote saria.
Zinemaren astea antolatzeko, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren eta LAN Bilboko Langilearen Inguruko Zinema Jaialdiaren laguntza izan du Martxoak 3 elkarteak. Euskal Herriko historiari lotutako hainbat pelikula ikusi ahal izango dira, besteak beste. Esaterako, 1985eko La batalla del Euskalduna dokumentala ikusi ahal izango da bertan. Ontziola ezagunaren itxieraren harira izan ziren gatazka gogorrak jaso dituzte Iñaki Kortazarrek eta Iñaki Markiegik filmean. Iaz berriztu zuten zinta LAN jaialdikoek, eta kalitate onean ikusi ahal izango da Langile Zinemaren Astean, apirilaren 15ean. Mahai inguru bat ere egingo dute, filmaren zuzendariak bertan direla.
35.000 euroko diru laguntza «Ikerketa eta memoriaren jarraipena bermatzeko».
Martxoak 3 elkarteari 35.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen «gertatutakoari buruzko ikerketa, inbentariatze, dokumentazio eta zabalkunde lanak» bultzatzeko. Langile Zinemaren Astea eta antzeko jarduerak antolatzeko balio izango du, besteak beste, laguntza horrek.
Maria Jesus San Jose sozialistak gidaturiko Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bultzaturikoa da diru laguntza, eta «ikerketaren eta memoriaren jarraipena» bermatzea du helburu. Diru laguntza horren bitartez, Martxoak 3 elkarteak Gogora Institutuarekin orain arte zuen elkarlanari jarraipena emango dio, eta elkartearen dokumentu funtsak eta baliabideak erakunde publikoaren esku egongo dira aurrerantzean ere. Gogora institutua bera izango da diru laguntza kudeatzearen arduraduna.
Bestalde, berritasun nagusien artean, aurten bertan aurkezturiko Inor ez film laburra proiektatuko dute. Urtarrilean aurkeztu zuen pelikula hori Martxoak 3 elkarteak. Aitorpen ofizialerako bidean biktimek jasandako ukapenak eta arazoak jasotzen dira filmean, eta berriz ikusteko aukera izango da apirilaren 15ean. Alta, nazioarteko pelikula ugari ere izango dira ikusgai, tartean, Ken Loach zuzendariaren The Old Oak pelikula. Hain zuzen ere, pelikula horren gidoilari Paul Lavertyri emango dio Martxoak 3 elkarteak saria, bere ibilbidean langile mugimenduaren inguruan lan ugari egin izanagatik.
Zinema asterako sarrerak doakoak izango dira, baina proiekzioetara sartu ahal izateko aurrez gonbidapenak eskuratu beharko dira arkabia.eus helbidean.