Laudioko (Araba) lau udal instalazioren ur hornidura itxi dute Legionella pneumophila bakterioaren maila altuak aurkitu ondoren. Gardeako kirolgunean, Altzarrate futbol zelaian eta Aretako frontoian eta kultur etxean eten dute ura. Hala ere, udalak nabarmendu duenez, instalazioak «normal erabiltzen» jarraitu ahal izango dute herritarrek.
Udalak argitu duenez, neurria «erabat prebentiboa» da, ez delako legionellarekin lotutako kasurik antzeman. Horrez gain, adierazi dute udal igerilekuak «guztiz seguruak» direla bainatzeko, azpiegituretako ura «etengabe kontrolatzen delako» indarrean dagoen araudiari jarraituz.
Ainize Gastaka Laudioko alkateak «lasaitasun mezua» bidali die herritarrei, protokoloak «zorrotz» aplikatzen ari direlako. Udalak egoeraren bilakaeraren berri emango du datozen egunetan. Tratamenduak amaitzen direnean, instalazioak normaltasunera itzuliko dira, betiere bakterioaren arrastorik agertzen ez bada.