Luzuriagako predela zaharberritu dute Arabako Foru Aldundiko teknikariek

Arabako Errenazimentuko piezarik garrantzitsuenetakoa da Donemiliagako Luzuriaga herriko elizako erretaularen oinarria. Zaharberritze lan «sakonen» ondoren, Aguraingo San Joan elizan egongo da hemendik aurrera ikusgai.

Margolanaren zaharberritze lanak. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Margolana zaharberritzeko lanak. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko uztailaren 29a
14:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errenazimentuaren moduko joera artistikoei buruz mintzatzean, Italia etorri ohi da burura. Ordea, Euskal Herrian ere badira arte mota horren erakusgarri finak, baita Araban ere. Horietako bat da Donemiliagako Luzuriaga herriko elizako erretaularen oinarria edo predela. Arabako Errenazimentuaren erakusgarri onenetarikoa da pieza hori, eta zaharberritze prozesu luze eta sakon batean egon da orain arte. Gaur jakinarazi dute Arabako Foru Aldundiko teknikariek lanak amaitu dituztela, eta margolana berriro ikusgai egongo dela. 

«Konposizio klasizista orekatua» ageri du Luzuriagako predelak. Jesu Kristo eta lau ebanjelariak irudikatzen ditu. Jesus ikusleari aurrez aurre begira ageri da, alboetan bi aingeru dituela. Lau ebanjelariak, berriz, bakoitza bere ebanjelioa idazteko jarreran dago, belaunen gainean pergaminoa dutela. Haien sinbolo diren animaliak dituzte alboan, eta paisaia landuak ondoan. 

Luzuriagako predela. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Luzuriagako predela. ARABAKO FORU ALDUNDIA

Margolanak zaharberritze lan «sakona» behar izan du. Hasteko, euskarriko intsektuak kendu zituzten, eta lana egonkortu, margo geruzak finkatuz. Ondoren, lanaren kolorea iluntzen zuten berniz zaharrak kendu zituzten, galdutako txatalak berreraiki, eta hutsuneak iztukatu. Bukatzeko, «azken ukitu kromatikoa» eman zioten teknikariek, eta, horrela, pieza garai bateko itxurara ekartzea lortu zuten. 

Luzuriagako elizako baldintzak direla eta, ordea, margolana ezingo da jatorrizko tokira itzuli, eraikin hartako hezetasunaren gorabeherak handiegiak baitira, teknikarien neurketen arabera. Horrek berriro kalteak sortuko lizkioke margolanari, egurrean egina baitago. Hezetasun aldaketa bortitzek egurra hanpatu eta uzkurtzea eragiten dute, eta horrek pinturan arrakalak eta kalteak sortzen ditu. Horrenbestez, Gasteizko Elizbarrutiak erabaki du jatorrizko tokitik hurbil dagoen eta baldintza egokiak dituen leku batean gordetzea predela. Aguraingo San Joan elizan egongo da, beraz, laster artelana ikusgai. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA