Maderas Gamizek Kanpezuko azpiegiturak berritu ditu

3,1 milioi euro inbertitu ditu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Makina berriei esker enpresa hazi egin ahal izango dela nabarmendu du.

Langileak egurra mozten, Maderas Gamizen zerrategian. RAUL BOGAJO / FOKU
Langileak egurra mozten, Maderas Gamizen zerrategian. RAUL BOGAJO / FOKU
SANTIKURUTZE KANPEZU
2026ko uztailaren 15a
18:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maderas Gamiz egur enpresak Kanpezuko (Araba) lantegia erabat berritu du ekoizpena handitzeko. 3,1 milioi euroko inbertsio bat egin du horretarako, eta horietatik 1,2 milioi Eusko Jaurlaritzak jarri ditu, Lehiatu programaren bitartez. Gaur egun 86 langile dituen lantegian —horien artean 26 emakume—, egur usain eta makinen zaratapean, instalazio berriak martxan daude dagoeneko: alde batetik, mozketa handiak egiten dituen zerrategia, eta bestetik, galdara bati esker energetikoki ia erabat autosufizientea den laminatu planta modernoa.

Elena Barredo Eusko Jaurlaritzako Landa Garapen eta Nekazaritza sailburua instalazio berrituen inaugurazioan izan da, eta adierazi du «jauzi teknologiko nabarmena» egin duela Maderas Gamizek, eta horri esker lantegiko eguneroko jardunak «eraldaketa positiboa» izango duela.

Berritasunetako bat da Microtec Woodeye izeneko eskanerra jarri dutela; egurraren akatsak automatikoki detektatzen eta sakonki neurtzen ditu, eta lan hori eskuz egiten zen lehen. Bestetik, mikrouhin labeek bezala funtzionatzen duen prentsa berria jarri dute, eta hori berritzailea da Euskal Herrian. Prentsa berriak askoz azkarrago eta sendoago itsasten du egurra ur beroko prentsa zaharrak baino, eta, hala, asko murrizten ditu ekoizpen denborak.

Egurra, Iparraldetik

Lantegiaren kanpoaldean nagusiki Ipar Euskal Herriko mendietatik ekarritako enborrak pilatzen dira. Haien kalitatea aztertu ondoren, sailkatu egiten dituzte, eta ondoren metal detektagailutik pasatzen dituzte banan-banan. Enborrei azala kendu egiten zaie makina batean. Ondoren, azalik gabeko enborrak gehienbat habe laminatuak egiteko erabiltzen dituzte. Europako haritzak izaten dira, horiek saltzen baitituzte batez ere.

Enpresak emandako datuen arabera, ekoizpenaren %94 Europara esportatzen dute, batez ere Frantziara, hura baitu Gamizek merkatu nagusia. 

Damaso Quintana Maderas Gamizeko buruak azaldu du ekoizpen prozesuan egindako hobekuntzen helburua merkatuan indartzea dela: «Instalazio berriak abiaraztea hasiera besterik ez da; inbertsio eta modernizazio horien bidez lantegiaren posizioa sendotu dugu, eta orain du enpresak hazteko garaia».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA