Ez da Martxoaren 3ko gertakarien inguruan inauguratu den lehen erakusketa, ezta inauguratuko den azkena ere, baina interes berezikoa da Sancho el Sabio Fundazioak Betoñuko egoitzan inauguratu berri duen 3M76: Memoriaren dokumentuak izeneko erakusketa. Izan ere, fundazio horren eskuetan daude garai hartako historiaren kontakizuna eta memoria eraikitzeko erabili diren dokumentu ugari, eta orain horiek jendaurrean erakusgai jartzea erabaki du fundazioak, sarraskiaren 50. urteurrena aitzakia hartuta. Askotariko dokumentuak izango dira bertan ikusgai: liburuak, aldizkariak, prentsa, artikuluak, argazkiak, pegatinak, kartelak... Zerrenda horren barruan, nabarmentzekoa da orain arte argitaragabeak izan diren dokumentuak daudela, baita EAEko Filmategiak utzitako film ez-profesionalak ere, orduko lekukoek grabatuak.
Antonia Rivera EHUko Historia Garaikideko katedradunak zuzendu du erakusketa; martxoaren 2an zabalduko dute, eta apirilaren 10era arte egonen da ikusgai. Gainera, asteazkenetan eta larunbatetan bisita gidatuak egingo dituzte; horietako bi, euskaraz izango dira: apirilaren 1ekoa eta apirilaren 4koa, hain zuzen ere. Hitzaldi bat ere antolatuko dute erakusketarekin lotuta: martxoaren 24an, Santiago de Pablo historialariak eta Riverak 3M76, ikus-entzunezko dokumentuak izenburua duen hitzaldia emango dute, arratsaldeko seietan.