ELAk eta CCOOk Arabako esku hartze sozialeko lan hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dute gaur, bi sindikatuetako militantziak testuari babesa eman ondotik. 2025-2028ko aldiari eragingo dio hitzarmen berriak.
ELA sindikatuak ohar batean nabarmendu duenez, akordiorako oinarriak sektorearen eskaera nagusiak jasotzen ditu. Besteak beste, soldatak %16 igoko dira —igoera handiagoa izango dute kategoria apalenetan—, urteko lanaldia hamasei ordu murriztuko da, 1.592 ordura arte, eta, hala, funtzio publikoaren lanaldiarekin parekatu. Horrez gain, KPIaren araberako berme klausula bat ezarri dute hitzarmenaren amaierarako, aldi baterako ezintasunaren osagarriak hobetu dituzte, norberaren kontuetarako bi eguneko baimena lortu dute, harremanen mapak egiteko lizentzia aitortu diete, eta hobekuntzak txertatu dituzte lan osasunean, telelanean, euskararen erabileran eta lizentzien araubidean, besteak beste.
Akordioa sektoreko langileen mobilizazioen eta greben emaitza dela azpimarratu du ELAk —urte eta erdi eman dute ituna negoziatzen, eta sei greba egun baino gehiago egin dituzte—, eta zoriondu egin ditu azken hilabeteetan borrokan aritu diren langileak. Era berean, erakundeei egotzi die zaintza sektorearen «pribatizazio eta prekarizazio» prozesuetan duten erantzukizuna, eta ohartarazi du baldintzak hobetzeko borrokan jarraitu beharko dela.