Oiongo zabortegiarekin lotutako legez kanpoko jardunak salatu ditu Elkarrekin Ahal Dugu-k

Lau salaketa ipini dituzte fiskaltzan: horietako hiru kuadrillako lehendakari izandakoaren aurka, eta bat Ecoreinares enpresako arduradunaren kontra.

  Elkarrekin Arabako kideak salaketak ipini ostean, gaur goizean, Gasteizko epaitegien aurrean. BERRIA
Elkarrekin Arabako kideak salaketak ipini ostean, gaur goizean, Gasteizko epaitegien aurrean. BERRIA
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko abenduaren 9a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oiongo (Araba) zabortegiaren inguruan legez kanpoko jarduerak izan direla salatu du Elkarrekin Ahal Duguk. Adierazi dute urtebeteko lanaren ostean baieztatu dutela 2015 eta 2023 bitartean Arabako Errioxako kuadrillako lehendakari izandako Joseba Fernandezek delitu hauek egin zituela zabortegiaren titulartasunaren aldaketarekin lotuta: prebarikazioa, diru publikoaren bidegabeko erabilera eta influentzia trafikoa. Eta Ecoreinares enpresaren —Paprec taldearena da gaur egun— arduraduna ere salatu dute, jabetza aldatzeko prozeduran funtzionario publiko bati mehatxuak eta hertsapenak egitea leporatuta. Alderdiak gaur goizean aurkeztu ditu salaketak Fiskaltzan.

«Gure betebeharra da pauso hau ematea ingurunearen osasuna, erakundeen kalitate demokratikoa eta jabetza publikoa defendatzeko», adierazi du Elkarrekin Ahal Dugu-ko Antolakuntza idazkari Leticia Jimenezek. Izan ere, duela bi hilabete alderdiak zera atera zuen argitara, zabortegia eraikuntzako hondakinak hartzeko prestatuta dagoen arren, susmo «sendoak» zituztela amiantoa eta beste material arriskutsu batzuk ere pilatu nahi zituztela bertan. Udalari leporatu zion enpresa baten negozioa lehenetsi zuela herritarren ongizatearen gainetik. Eta gaur azpimarratu dute zabortegian ez direla eraikuntza eta eraispen hondakinak birziklatuko.

Oiongo Elkarrekin Ahal Dugu-ko kide eta EKI herritarren elkartearen ordezkari Koldo Gonzalezek adierazi du lehen herriarena zena ezkutuan pribatizatu dutela: «Urtebeteko lan honekin erakutsi dugu ia milioi bat euroko inbertsioa jasoa zuen tokia oparitu egin dutela, ezkutuko pribatizazio baten bidez».  Horrez gain, Gonzalezek auziaren dimentsioaren berri eman du, eta ohartarazi hiru urtetan isuri eremua beteko dela. Ohartarazi du bertara eramango dituzten hondakinen kopurua aurreikusita eta tasen balioa jakinda gutxi gorabehera berrogei milioi euroko operazioa izango dela.

Bi eledunek egoeraren larritasuna adierazi dute: «Ingurunearen osasunari, erakundeen kalitate demokratikoari eta jabetza publikoari eragiten dieten irregulartasunez betetako prozesu bat da». Horrez gain, euren eskakizunak plazaratu dituzte: «Neurri zuhurrak eskatu ditugu, proiektua geldiarazteko, zabortegiaren titulartasun publikoa babesteko eta dokumentazioarekin arazorik ez dela izango ziurtatzeko; azken horrekin frogak suntsitzea saihestu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.