Oiongo zabortegiko ustezko irregulartasunak ikertzen ari da Fiskaltza

Fiskaltzak tramiterako onartu du Ahal Dugu-k abenduan aurkeztutako salaketa. Arabako Errioxako kuadrillako presidente ohiaz gain, kuadrilla horretako batzarreko hamar kide ere ikertuko ditu, prebarikazioa egotzita.

EKIko Koldo Gonzalez eta Ahal Dugu-ko Leticia Jimenez, gaur Gasteizen egindako prentsaurrekoan.. RAUL BOGAJO / FOKU
EKIko Koldo Gonzalez eta Ahal Dugu-ko Leticia Jimenez, gaur Gasteizen egindako prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko otsailaren 13a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amiantoa hartzeko handitu nahi dute Oiongo (Araba) Valdeaguilar zabortegi zaharra, baina prozesuan izandako ustezko irregulartasunek bidea konplikatu diete administrazioei. Iazko abenduan, afera justiziaren eskuetara iritsi zen, Ahal Dugu alderdiak, Oiongo EKI hiritarren elkartearekin batera, salaketa aurkeztu baitzuen Gasteizko epaitegietan. Salaketa horren arabera, «prebarikazioa, funts publikoak bidegabe erabiltzea eta funtzionario baten aurkako hertsapen eta mehatxuak» leporatzen zizkioten Arabako Errioxako kuadrillako presidente ohiari, Joseba Fernandez Callejari (EAJ), zabortegiaren kudeaketa irregularra zela eta. Orduko hartan «froga ugari» bildu zituztela adierazi zuten Ahal Dugu-koek, eta badirudi fiskaltzak iritzi diola kontuan hartzeko modukoak direla, gaur jakinarazi baitute alderdikoek salaketa tramiterako onartu dietela, eta, gainera, fiskaltzak beste hamar pertsona ere ikertuko dituela.

Ahal Dugu-ko antolakuntza idazkari Leticia Jimenezek eta EKIko kide Koldo Gonzalezek azaldu dutenez, Oiongo zabortegi zaharra zabaltzeko prozesua irregulartasunez beterik egon da hasieratik. Jimenezen arabera, Arabako Errioxako kuadrillak «ezkutuan» pribatizatu dituela zabortegiko lurrak, kuadrillaren jabetza ziren arren «musu truk» eskaini baitizkio Ecoreinares SM enpresari. Paprec multinazional frantsesa da enpresa horren jabea. Gainera, salatu du prozesuan diru publikotik «milioi bat eurotik gora» bidegabeki desbideratu direla «kontratu irregularren bitartez».

Izan ere, Gonzalezek azaldu duenez, Oiongo «makrozabortegiak» 2,5 milioi tona amianto hartzeko moduko edukiera du. Espainia osoan, ordea, 3,5 milioi tona amianto daudela kalkulatzen da, Gonzalezen arabera. Hori dela eta, proiektuari «gehiegizko hedadura» eman zaiola iritzi dio, eta Paprec enpresari «prezio puztuak» ordaindu zaizkiola. Gainera, enpresak lur publikoak ordaindu gabe jasotzeaz gain, ustez Arabako Errioxako kuadrillaren «145.000 euroko mailegua» ere jaso du, bost eta hamabost hektarea artean izango dituen zabortegian konponketak egiteko. Hori guztia dela eta, «funts publikoak bidegabe erabiltzea» leporatu zioten abenduan kuadrillako presidente ohiari, «enpresa jakin bati legez kontra mesede egiteko».

Prebarikazioa eta mehatxuak

Horretaz gain, prebarikazioa eta funtzionario publiko bati mehatxu egitea ere leporatu zizkioten Fernandez Callejari. Orain, berriz, prebarikazio delituagatik pertsona gehiago ikertuko ditu fiskaltzak, prozedura ofizioz berrikustearen aurkako botoa eman zuten kuadrillako batzarreko kideak ere ikerketapean baitaude. Gonzalezek adierazi duenez, prozedura ofizioz berrikusteko eskatu zioten Arabako Errioxako kuadrillari, irregulartasunen «larritasuna» zela eta. Kuadrillako batzarraren gehiengoak, ordea, berrikuspenari uko egin zion, prozesuak ECIJA bulego juridikoaren aldeko txostena zuelako. Bulego hori, ordea, «EAJren erreferentziazko bulegoa» da, Gonzalezen hitzetan, eta, hortaz, haien «txosten partzialean» oinarrituriko erabakia «arbitrarioa eta legez kanpokoa» izan zen.

Hori horrela ote den ikertuko du orain fiskaltzak, argitzeko ea berrikuspenaren aurkako botoa eman zuten hamar batzarkideek eta batzarreko idazkari eta kontu hartzaileak prebarikazio delitua egin ote zuten. Horri funtzionario publiko baten aurka egindako hertsapen eta mehatxuen delitua gehitu diote. Izan ere, Ahal Dugu-ko ordezkarien arabera, Oiongo udaleko kontu hartzaileari presio egin zitzaion prozeduraren espedientea onar zezan legearen aurkakoa zela jakinik ere. Delitu horien inguruko «froga erabakigarri ugari» dituztela adierazi dute, eta iragarri laster emango dutela froga horien berri.

Jimenezen ustez, fiskaltza ikertzen ari den gertakariak «ekintza oso larriak» dira, «legea eta etika publikoa» urratzen baitituzte, eta erantzukizunak argitzeko eskatu die instituzioei. Urrunago joan da Gonzalez, eta erakundeei eskatu die «behingoz» azaltzeko zer egingo duten EAEko amiantoarekin, Oiongo zabortegia ez baita «bideragarria». Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuari, Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta EAJ eta PSE-EEri azalpenak eskatu dizkie proiektuaren irregulartasunen inguruan. Gainera, salatu du EH Bildu —alderdi horrek gobernatzen du Oiongo udala— «ezinbesteko laguntzaile» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.