Okondoko Udalak onartu du baserrietan etxebizitza bat baino gehiago egiteko ordenantza

EH Bilduk 2025ean mozio bat erregistratu ondoren, atzo onartu zuen osoko bilkurak. Horretaz gain, kaleko argiteria berrituko da herritarren «segurtasuna eta irisgarritasuna» bermatzeko.

Okondon errepide ondoan dagoen baserri bat. EH BILDU
Okondon errepide ondoan dagoen baserri bat. EH BILDU
Aratz Aranburu
2026ko urriaren 30a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baserriak bi etxebizitzatan edo gehiagotan banatu ahalko dira Okondon (Araba). EH Bilduk 2025ean mozio bat erregistratu ondoren, udalak ordenantza bat egin zuen. Araudi berriak osoko bilkuraren onarpena jaso zuen atzo. Kaleko argiteria berritzeko proposamena ere onartu du osoko bilkurak, «segurtasuna eta irisgarritasuna» bermatzeko eta «efizientzia energetikoan» aurrera egiteko. 

EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu zuen 2025ean, baserriak bi etxebizitzatan edo gehiagotan «banatu ahal izatea» eskatzeko. Aukera hori emateko, Udal Hirigintza Araudia aldatzea proposatu zuen talde soberanistak, ordura arteko arauek baserrien etxebizitza banaketak «eragozten» baitzituen. EH Bilduk ontzat jo du ordenantza onartu izana: «Okondoko ondarearen degradazioa saihestu beharra zegoen, baserriak hondatzen eta erortzen ari baitira». 

Etxebizitzaren krisia ere aipatu du Joseba Ruiz EH Bilduren bozeramaileak: «Bizitzen ari garen premia larria ikusita, gure proposamena aurrera ateratzea ezinbestekoa da». Araudi berriari zuzenketak egiteko epea zabalik dago, eta EH Bilduk dagoeneko iragarri du egingo dizkiola. Izan ere, araudia aplikatzeko modukoak diren «hainbat» baserri falta dira sartzeko. 

Hobekuntzak, kaleko argiterian 

EH Bilduren ekimenez, Okondoko kale argiteria berrituko dute, herritarren «segurtasuna, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa» bermatzeko. Proposamena 2024-2025eko Obra eta Zerbitzuen Foru Planeko diru laguntzen esparruan sartu zen.

EH Bilduren ustez, errepide nagusitik kanpoko kale zein auzoetako argiztapena oso «eskasa» da gaur egun. Ruiz ordezkariak gaur egungo egoera nabarmendu nahi izan du: «Okondoko herritarren ongizatea da gure lanaren ardatza, horregatik ez da onargarria 2026an gure herrian oraindik ilunpetan mugitu behar izatea».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA