Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Interkontsulta Soziosanitario Digitala aurkeztu du gaur Gasteizko Olagibel osasun etxean. Sistema horri esker, osasun eta gizarte arloko profesionalek kasuak «modu integral eta koordinatuan» kudeatu ahal izango dituzte, bai lehen mailako arretan, bai gizarte zerbitzuetan.
Eredu berri hori udalerri txikiago batzuetan probatu izan dute aurrez. Funtzionatzeko modua hau da: gizarte eta osasun premiak antzematen direnean, informazio eta lankidetza zirkuitu bat sortzen du bi arloen artean, eta kasu bakoitzaren espezifikotasunaren arabera erantzun integrala bermatzen du. Horrela, koordinazio prozesuen digitalizazioa bultzatu nahi du Osakidetzak, eta datuen kudeaketaren bidez arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko modua eman.
Mamen Alvarez Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendariak azaldu duenez, proiektu horren helburua da osasun eta gizarte sistemak «benetan eta eraginkortasunez koordinatzea», pertsonek arreta «osoagoa, eraginkorragoa eta gertuagokoa» izan dezaten, batetik bestera ibil ez daitezen eta deskonektatuta dauden sistemen artean nabigatu behar izan ez dezaten. «Interkontsulta soziosanitario elkarreragingarria adibide argia da erakusteko Euskadik nola egiten duen aurrera pertsonak oinarrian dituen arreta integratuago baterantz», gaineratu du.
Interkontsulta soziosanitarioak ekarriko dituen «onurak» zerrendatu dituzte agerraldian. Pazienteei, besteak beste, arreta integrala eta pertsonalizatua emango die; «pertsona ardatz» duen laguntza emango da; osasun eta gizarte zerbitzuen arteko jarraipena eta koordinazioa izango da; itxaronaldiak murriztuko dira; eta probak bi aldiz egitea eragotziko da.
Sistema soziosanitariorako, berriz, Osakidetzak uste du eredu berriak bermatu egingo dituela koordinazio hobea, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea, kasu konplexuak hobeto kudeatzea, datuen gobernantzan hobetzea eta arretan kalitate handiagoa ematea.
Balorazioak
Nuria Atxaerandio Osakidetzako Arabako ESIko Arreta Integratuko zuzendariak defendatu egin ditu neurriak: «Kontsulta soziosanitarioa aurrerapen esanguratsua da osasunari ikuspegi integral batetik heltzeko; alderdi klinikoak bakarrik ez, pertsonen ongizatean eragin zuzena duten faktore sozialak ere jasotzen ditu».
Era berean, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok komunikazio bide berriaren garrantzia azpimarratu du: «Elkarrekiko komunikazio arin eta zuzen honek arreta azkarragoa, osoagoa eta eraginkorragoa izateko modua emango du, eta profesionalen lan bateratuak pertsonen ongizatea hobetuko du».
Azkenik, Sonia Diaz de Corcuerak, Administrazioa Eraberritzeko zinegotziak, nabarmendu du bi erakundeen zerbitzu informatikoek emandako laguntza ezinbestekoa izan dela profesionalak harremanetan jartzeko eta datuen pribatutasuna bermatzeko.
Proiektua Europako funtsen laguntzarekin jarri da abian. Aurten, Europako finantzaketa amaitzen denean, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du jarraipena eta sendotzea, politika publiko egonkor eta iraunkorraren parte gisa.