Ostegunean jarriko dute martxan Gasteizen Tuvisaren 11. autobus linea. Zabalgana eta Arriaga-Lakua auzoen arteko konexioa hobetuko du, eta beste aukera bat eskaini hiriko garraio publikoan. Guztira 26 geraleku izango ditu zerbitzuak, 06:10ean abiatuko da Sofia Erreginaren hiribideko 4. geltokitik, eta 30 minutuan behingo maiztasuna izango du.
Zabalgana eta Arriaga-Lakua auzoak Gasteizko populatuenak dira, eta, hori kontuan hartuta, autobus linea berriak hiri garraioaren sarea indartu eta auzoen arteko komunikazioa hobetuko du, modua emango baitu batetik bestera ibiltzeko garraiobidea aldatu gabe. Zerbitzuak behar bezala funtzionatuko duela egiaztatzeko eta geltokiak egokiak direla bermatzeko, hainbat segurtasun proba egin ditu Tuvisak azken asteotan.
Udal gobernuak eta PPk lortutako akordio bati esker abiaraziko dute linea berria. Gaurtik aurrera udalak herritarrentzako informazio kanpaina bat hasiko du zerbitzu berriaren inguruan: udal pantailen bidez hedapena egin, komunikabideetan informazioa zabaldu, autobusetan errotulazioa jarri, eta ibilgailuetan informazio liburuxkak banatuko ditu. Kanpainaren bitartez, linea berriaren ibilbidea, geltokiak, ordutegiak eta ezaugarri nagusiak ezagutaraziko dituzte.