Kartzelen aurkako Salhaketa elkarteak gaur jakinarazi du joan den otsailaren 5ean gizon bat hil zela Zaballako espetxean. Elkarteak salatu duenez, F. P. V. izeneko 35 urteko presoa hilik agertu zen bere ziegan, iragan ostegun goizaldean. Salhaketaren arabera, presoa interfonotik deika aritu zen heriotza jazo baino hiru ordu lehenago, baina kartzelako funtzionarioek «arreta medikoa ukatu» zioten, eta «ziegak ireki arte» itxaroteko agindu.
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak presoaren heriotza baieztatu dute, baina familiaren salaketak ukatu dituzte. Saileko iturrien arabera, oraindik gorpuari autopsia ofiziala egin ez bazaio ere, heriotza «arrazoi naturalen ondorio» izan da, eta «indarkeriazko heriotza» izatea baztertu dute, baita presoak bere buruaz beste egin izana ere. Presoa hil zenean moduluan «legez finkatutako arreta zerbitzuak» zeudela esan dute, eta «zegokion osasun arreta» jaso zuela hil aurretik. Familiaren salaketen inguruan deklaraziorik ez dutela egingo esan dute, autopsia ofizialaren emaitza jaso arte, bederen. Bitartean, «balizko bihotzeko» gisa katalogatu dute heriotza, Salhaketaren arabera.Â
«Isiltasun instituzionala»
Salhaketa elkarteak heriotzaren inguruko «isiltasun instituzionala» salatu du, eta kartzelan jazotzen diren heriotzen harira erakundeek erakusten duten «komunikazio ofizialik eza» eta «opakutasuna» deitoratu dituzte. Elkartearen arabera, kartzeletako osasun arreta «azalekoa, berantiarra, eta eskuratzen zaila» da, eta horrek presoen osasun egoera kaltetzen du, heriotza eragiteraino. Presoen heriotzak «ezkutuan» ez geratzeko eta haien inguruko informazioa jasotzeko «protokolo ofizial argiak» eskatu dituzte.
Presoen egoera «penagarria» eta horrek Hego Euskal Herriko kartzeletan eragiten dituen heriotzak ere salatu ditu Gasteizko elkarteak. Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik, hamar preso hil dira EAEko kartzeletan. Zaballako espetxean bertan, ez da ezohikoa preso baten heriotzaren berri izatea, elkarteek urtero salatzen baitute kasuren bat. Otsailaren 5ekoaren aurretik, 2025eko martxoan izan zen azken heriotza. 35 urteko beste gizon bat agertu zen hilik orduko hartan.Â
Hildako presoaren heriotza salatzeko, elkarretaratzera deitu du Salhaketak Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, otsailaren 13an, ostiralean. 12:30etarako dago deituta protesta, eta, presoaren heriotza salatzeaz gain, kartzeletako «zabarkeria medikoaren» eta heriotzen inguruko «isiltasun instituzionalaren» aurka egingo dute protesta.Â