San Prudentzio oskarbi batek zaindu ditu Arabako jaiak

Eguraldia aldeko ez izanagatik, jende franko hurbildu da Armentiako zelaietara, Arabako patroiaren festako erromeriara.

San Prudentzioko erromeriako postuak, atzo, Armentian. AITOR KARASATORRE / FOKU
San Prudentzioko erromeriako postuak jendez lepo, atzo, Armentian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko apirilaren 28a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mehatxua hor goian izan da goiz guztian, baina azkenean ez da zerutik erasorik iritsi. Deskribapen hori ez dagokio Irango gerrari, gaur goizeko Armentiako San Prudentzioren erromeriari baizik. Izan ere, aurreko urtekoarekin alderatuta —orduko hartan eguzki beteak ez baitzion nabarmentzen utzi itzalaldi masiboari—, euri lainoz estaliriko geruza lodi batek agurtu ditu gaur goizean arabarrak.

Bezperan, euri zaparrada astunak izan zituen lagun arratsaldeko danborradak. Beharbada, santua berrikuntza horrekin haserre zen seinale, iaztik, gauerdiko danborrada tradizionalaz gain, arratsaldeko zazpietan ere egiten baitute beste bat elkarte gastronomikoek. Alta, tradizio oro da, azken finean, herenegungoa, eta atzo Arabako patroiak bake egin bide zuen bere festetako gertaera berritzaileenarekin, zeruak ez baitu oztoporik jarri Armentiako erromeriara hurbildu zirenentzat.  

Festa, jana eta musika

Lainoak laino, aski goiz hasi da jendea Armentiako basilika inguruko zelaietara hurbiltzen. Horietako bat izan da Nagore Iriarte; senide eta seme-alabekin dabil, 10:00ak aldera jada, San Prudentzioren estatuaren aurrean argazki bat ateratzen. «Urtero etortzen gara haurrekin, ikaragarri gozatzen dute. Ea aurten ere eguraldiak uzten digun...», esan du, kezkaz zerura begira. Ez dirudi haurrek kezka hori dutenik: bigarren aldia dute nagusienek erromerian, eta lehena txikienek. Azokako postuen artean ibiltzeko eta gozatzeko grina nabari zaie begietan, eta gogoz eragiten ari dira plastikozko danborrei. 

Arabako Taloak izeneko txosna da azokako postuetako bat, lurraldeko jaietan jada ohiko bihurtu dena. Bertan da lanean, goizean goizetik, Uxue Martinez, taloak zerbitzatzen. «Atzo orduak eman genituen hemen, dena muntatzen, eta gaur goizeko zortzietatik gabiltza hemen jo eta ke». «Hik lan eta nik jai», horrela zioen abestiak, eta arabar gehienek festaz gozatzeko beste hainbatek behar egin behar izan dute lan, halabeharrez. Martinezen gaineko karpak ere pairatu ditu bezperako euritearen ondorioak: beste langile batek paretik kentzeko oihu egin die bi gazte despistaturi, eta, hark besoarekin karpa gorantz altxatzearekin batera, astelehen arratsean pilaturiko ur parrastada erori da lurrera.

Eguraldia gorabehera, jendetza espero zutela iragarri du Martinezek, eta goizak aurrera egin ahala bete da aurreikuspena: hasieran zeruak lainoz beteta eta askoren jantoki izaten diren belardiak hutsik bazeuden ere, hamabietan ohorezko aurresku tradizionala dantzatu dutenerako oskarbi geratu da giroa, eta eguzkiak bete-betean jo du aurreskuari begira zeuden agintarien aurpegietan. Bekozko ilunez agertu dira mandatariak, baina ez dantzarien kalitate eskasagatik, eguzki atera berriagatik baizik.

Dantza soilik ez, musika ere izan dute lagun bertaratutakoek. Bera bezain altua den tubaren ondoan, giroa edertzeko prest da Aramangelu Txarangako Gisela Ortega. «Normalean arratsaldean etortzen naiz, familiarekin, baina aurten berezia izango da; gogoz nago txarangarekin jotzeko», aitortu du. Ez da eguraldi txarraren beldur. «Musikak botere berezia dauka jendea animatzeko, eta behin jotzen hasita animatuko dira, ziur». Esan eta egin: txaranga jotzen hasi eta eguzkia atera, dena bat izan da, eta hasi da jendea Armentiako zelaietan lekua hartzen; azokako postuak ere bezeroz borborka daude. «Betor arratsean euria, ni hemen erroskillak janda bapo nago!», entzun da basilika ondoan eserita dagoen adineko andre baten ahotik. Betor, beraz, arratsean euria, ezingo baitu jada, antza, festa melatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA