Suhiltzaileek Lantenoko (Araba) kontzejuko baso sutea mugatzea lortu dute, baita sutearen mendebaldeko hegala egonkortzea ere, Artziniegatik hurbilen dagoena. Astelehenean sutea itzali zuten, baina atzo berriz piztu zen. Horren ondorioz, lau baserri hustu behar izan dituzte udalerri horretan. Arabako Foru Aldundiaren arabera, sua itzaltzeko taldeak sutearen ekialdeko eremua egonkortzeko lanean ari dira orain, Amurriotik hurbilen dagoena.
Sua itzaltzeko lanetan ari dira lau helikoptero, nekazaritzako brigada bat eta Laudioko, Langraizko eta Espejoko suhiltzaile etxeetako taldeak. Horiek indartzeko, Gipuzkoako brigada bat eta, ziurrenik, Gaztela eta Leongo (Espainia) beste bat ere arituko dira lanean.
Hustutako lau baserrietatik bitan bizilagunak aterarazi zituzten. Beste batean, animaliak soilik zeuden, eta laugarren baserrian ez zegoen ez bizilagunik eta ez animaliarik. Hala ere, gaur eguraldia alde izango dutenez, espero dute sugarrak gaur bertan itzaltzea.