Trebiñuko haur eskola (Araba) Gaztela eta Leongo Juntaren sarean (Espainia) sartzeko hitzarmena onartu berri du Trebiñuko Udalak. EH Bilduk ohartarazi du urteetan udalaren menpekoa izan den zentroak eskaini duen euskarazko lerroa arriskuan dagoela. «Gure ustez, herritarren eskubideetan beste atzerapauso bat da aldaketa, gure lurraldean euskararentzat beste atzerapauso bat, eta, zoritxarrez, susmoa dugu ez dela azkena izango», esan du Ritxar Astegieta koalizio abertzalearen zinegotziak.
Iragan osteguneko udalaren osoko bilkuran onartu zuten akordioa Trebiñuko Konderriko udal gobernu taldearen aldeko botoekin —hiru boto TDDk eta bi boto PPk—. EH Bilduko zinegotziak eta AICTko zinegotzi batek hitzarmen berriaren kontra bozkatu zuten, eta AICTko beste zinegotzi bat abstenitu egin zen.