Txirrita blusa eta nesken kuadrillak salatu du Tuvisak datorren abuztuaren 7rako eskatutako autobus zerbitzu berezia ukatu diela. Andre Maria Zuriaren jaietan Etxebidea zahar etxeko egoiliarrekin tarte bat igaro nahi zuen kuadrillak, musikaz, umoreaz eta jaiaz gozatzeko, egoiliar batzuek ezin baitute kalera irten. Gasteizko kanpoaldean dago egoitza, eta hara joateko garraio publikoa eskatu zuen kuadrillak.
Txirrita kuadrillak ohar batean azpimarratu du inoiz ez duela doako zerbitzurik eskatu, eta, gainera, egoitzako adinekoek ilusio handiz itxaroten dutela haien bisita urtero.
Udal garraio konpainiak «baliabide falta» argudiatu du eskaera atzera botatzeko, baina azalpen hori ulertzea zaila egin zaio Txirritari, zerbitzu hori bera normal eskaini zitzaielako 2022ra arte. Blusa eta neskek koherentzia falta handia ikusten dute erakundeen jarreran; izan ere, udalak «jai inklusiboak eta parte hartzaileak» defendatzen ditu etengabe, baina asmo horixe bera duten herritarren egitasmo solidarioei oinarrizko laguntza ukatzen diete.
Horiek hala, Txirrita kuadrillak erabakia berriz aztertzeko eskatu dio Tuvisari. Era berean, udalari «hitzak utzi eta ekintzei ekiteko» exijitu dio, jaiak denonak direla gogorarazita. «Erakundeek oztopoak jarri beharrean laguntza eman beharko lukete», azpimarratu du.