50 urtetik gorako bizkaitarrek etxean zahartu gura dute

Bizkaiko Foru Aldundiak inkesta bat egin du, 50 urtetik gorako bizkaitarren bizi baldintzak eta kezkak ezagutzeko eta haien arabera politika publikoak diseinatzeko. Maiatzaren 7an aurkeztuko dute, Nagusi Intelligence Centerren egingo diren jardunaldietan.

Adineko hiru gizon, Bilboko kaleetan. LUIS TEJIDO / EFE
Adineko hiru gizon, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko apirilaren 30a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxean bezala, inon ez. Horregatik, mendekotasunen bat izanda ere, 50 urtetik gorako lau bizkaitarretik hiruk nahiago du etxean bizi. Izan ere, %90 «pozik» daude beren inguruarekin. Hala ere, beti ez da erraza izaten. %14 igogailurik gabeko eraikinetan bizi dira, eta hamarretik hiruk egokitu gabeko eskailerak dituzte etxera igotzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoei egindako inkesta baten ondorioetako batzuk dira. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak esan du kontuan hartuko dituztela politika publikoak diseinatzeko orduan. «Erakunde moduan hainbat erronka ditugu: etxebizitzak egokitu behar ditugu, etxez etxeko laguntza indartu, ingurune komunitarioa zaindu eta bizitegi aukera malguak eskaini, bizkaitarrek nahi dituzten bizi proiektuak izan ditzaten». Hain zuzen ere, erabakiak zuzenago hartu ahal izateko egin dute azterlana. 2022 bukaeran egindako 3.000 elkarrizketaren emaitza da. Maiatzaren 7an xehatuko dituzte datuak, Urdulizko Nagusi Intelligence Centerren egingo duten Aurrea hartzeko entzutea: 50 urtetik gorako herritarren beharrak eta itxaropenak Bizkaian jardunaldian. 

Oro har, 50 urtetik gorako bizkaitarrek uste duten beren bizitzak zentzua duela: hamarretik zazpik gogoz ekiten dio egunerokoari. %92k lagunak dituzte, eta lautik hiruk baino gehiagok familiarekiko harremanari eusten diote. Gaur egun ondo bizi dira, eta haien ekonomia, oro har, ona da. Baina etorkizunak kezkatzen ditu. Hamarretik hiruk uste dute beren osasunak eta ekonomiak okerrera egingo dutela. Hain zuen, %65ek ardura agertu dute pentsioekin zer gertatuko den; ehunekoa handiagoa da oraindik lanean dauden 50 urtetik gorakoen artean. Erdiek baino gehiagok beharrezkotzat jo dute pentsio plan osagarria. «Arduradun publiko garen aldetik, horrek aurrea hartzeko beharra eskatzen digu. Bizi segurtasuna indartuko duten politikak eta epe ertain eta luzeko begirada bat izan behar dugu, erretiro prozesuetan eta ahultasun handiagoarekin lotutako prozesuetan pertsonei laguntzeko», adierazi du Antxustegik.

Hala ere, zahartzea ez da kontu homogeneoa. Adinak asko baldintzatzen du, eta inkestan alde handia nabaritu dute 80 urte baino gutxiago dituztenen eta 80 urtetik gorakoen artean. Adin horretatik gorakoen %43 bakarrik bizi dira, eta %20k ez dute lagunik. 80 urte baino gehiago dituztenen osasuna ere makalago dago: %40k uste dute beren adinari dagokion osasuna edo osasun txarra dutela. Mugatuago sentitzen dira, eta laguntza handiagoa behar dute. Gainera, gutxiago irteten dira auzotik edo udalerritik, eta arrakala digitala gero eta handiagoa da.

«Aldaketa demografikorako prest egon behar dugu, herritarrek izango dituzten beharrei erantzuteko gai izango diren gizarte zerbitzuak bermatuta»

AMAIA ANTXUSTEGI Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatua

Izan ere, 50 urtetik gorako bizkaitar gehienek Internet eta sakelako telefonoa erabiltzen dituzte. Hamarretik zortzik, ia egunero. Baina behin 80 urte betetzen dituztenean, zailtasunak agertzen dira: soilik laurdenak dira gai medikuarekin ordua hartzeko. Ondorioz, hamarretik ia zazpik gurago dute administrazioarekin aurrez aurreko tratua izan. «Kontuan hartu behar dugu digitalizazioan sakontzen dugunean, ezin baitugu jendea kanpo utzi. Aurrez aurreko arretari eutsi behar diogu, eta, aldi berean, gura duenari baliabide digitalak erabiltzen irakatsi».

Adinagatik baztertuak izango diren beldur dira. Hamarretik bi diskriminatuta sentitu dira noizbait. Hala ere, zahartzaroa modu positiboan bizi dute hamarretik lauk —zenbat eta urte gehiago izan, orduan eta positiboagoa da balorazioa—. %88k uste dute berengandik asko ikas daitekeela. Mendekotasunak eta ingurukoentzat zama bihurtzeak arduratzen ditu.

Azterlan honekin diputazioak datorrenari aurrea hartu gura diola esan du Antxustegik. «Aldaketa demografikorako prest egon behar dugu, herritarrek izango dituzten beharrei erantzuteko gai izango diren gizarte zerbitzuak bermatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA