«Adingabe migratzaileentzako egungo harrera eta babes sistema ez zen diseinatu orain dugun egoerari aurre egiteko. Sortuz joan diren behar berrien arabera egokituz joan gara», ohartarazi du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Espainiako Gobernuak oraintsu ezarritako banaketaren arabera, Bizkaiak 370 adingabe hartu beharko lituzke, baina 480 leku ditu eta horietan 560 adingabe artatzen ditu. «Horrek erakusten du foru aldundiak egiten duen esfortzua». Gernika-Lumoko batzar etxean Bizkaiko Batzar Nagusiek egin duten politika orokorreko osoko bilkuran, ahaldun nagusiak dei egin du sistema berri bat sortzen lagunduko duen gogoeta prozesu bat hastera. Poliziaren, epaileen eta fiskalen inplikazioa ere eskatu du «mafiei» aurre egiteko.
Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaile Eneritz Madariagari «pertsonak gauza bihurtzen dituen hizkera» iruditu zaio Etxanoberena, adingabeak herrialde artean banatzeaz hitz egin duelako. Arreta sare egokia bermatu ez izana egotzi dio diputazioari. EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak uste du ailegatzen diren adingabe guztiak hartu behar dituela Bizkaiak. «Gure obligazio legal eta morala da». Onartu du auziak arlo teknikoa ere baduela, eta arreta hori «modu orekatuan» eskaintzeko formulak bilatu beharko direla, baina iruditzen zaio gogoeta hori ezin dela egin «eztabaida publiko baten bidez». PPko Raquel Gonzalezek diputazioaren eredua txarretsi du, adingabeak «zentroetan pilatzen» direlako. Bere alderdiaren eredua azaldu du: zentro txiki eta komunitarioak.
«Zer ezkutatu gura du Batuz sistemaren aurka dagoen gutxiengo horrek [konpartsek]?»
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia
Halako zentroak bultzatzen ari da Bizkaiko Diputazioa adinekoen arretarako. Etxanoberen berbaldian denbora gehien eroan duen gaia izan da zaintza. Hain zuzen ere, ahaldun nagusiak berak azpimarratu du foru aurrekontuaren erdia arlo horretan jartzen dutela. Populazioaren zahartzeak kezkatzen du: «Zelan bermatuko dugu duintasunez, kalitatez, autonomiaz eta segurtasunez bizi ahal izatea bizitzeko irabazi ditugun urte horietan? Erakunde hau prest dago aurrerapenak ekarriko dituen edozein jardueraren bultzatzaile izan eta lidergoa hartzeko. Horretan ari gara». Ekainean aurkeztu zuten Mendekotasuna Prebenitzeko eta Komunitatean Autonomia Pertsonala Sustatzeko Itun Soziala. Etxanobek berbatu du urtea bukatu aurretik itun horren jarduera eta helburu zehatzak prest izango dituztela.
Lehenago, urrian, Batzar Nagusietara eroango du bankuen eta multinazionalen zerga berria. Diputazioaren asmoa da multinazionalek gutxienez %15 ordaintzea. Elkarrekin Bizkaia taldearekin adostu zuen foru gobernuak zerga erreforma, eta Etxanobek babes hori eskertu dio Madariagari. Madariagak erantzun dio politika horretan sakondu behar dutela. Eta esan dio multinazionalen zerga eztabaidatzean ikusiko dela noren alde dagoen: multinazionalen edo bizkaitarren alde. Izan ere, Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak uste du Etxanobek «hauteskunde interesak eta enpresenak lehenesten» dituela hartzen dituen erabaki guztietan. Esaterako, Espainiako Vuelta Bizkaitik pasatzean Palestinaren alde izandako ekintzak kritikatu zituenean.

Zergekin lotuta, Etxanobek Batuz sistema goretsi du, eta mezu bat bidali die konpartsei, haien izena aipatu gabe: «Zer ezkutatu gura du sistema honen aurka dagoen gutxiengo horrek? Zergatik diote ezin dutela haien betebeharra bete, edozein merkatari txikik edo autonomoek egiten dutenean?».
Azpiegiturak auzitan
Oposizioak argi utzi dio Etxanoberi ez duela itsasadar azpiko tunelik gura. Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurka ere agertu dira EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia. «Itsasadarreko tunela eta museoa planeta egungo krisi ekologiko eta sozialera eroan duen logika neoliberalaren parte dira», adierazi du Casanovak.
Etxanobek azaldu du museoari buruzko azken erabakia patronatuak hartuko duela, baina aurretik eskualdean egiten ari diren entzute prozesuaren eta patronatua bera egiten ari den bideragarritasun azterketaren emaitzak ezagutu beharko direla. Madariagak leporatu dio gai gatazkatsu guztietan besteen gain uzten duela azken erabakia, eta eskatu dio berak erabaki dezala ez dela museorik eraikiko. Ohartarazi dio hori dela Elkarrekin Bizkaiak aurrekontuak negoziatzeko ezinbesteko baldintza.
«Itsasadarreko tunela eta Urdaibaiko Guggenheim museoa planeta egungo krisi ekologiko eta sozialera eroan duen logika neoliberalaren parte dira»
IKER CASANOVA EH Bilduko batzarkidea
Ostera, metroaren laugarren lineari dagokionez, oposizioak proiektua babestu, baina erakundeen moteltasuna salatu du. 30 urte daramatzate trenaren zain Bilbo hegoaldeko auzoetan. Etxanobek esan du konpromiso sendoa duela laugarren linearekin. «Erakunde honentzat linea berriaren lehentasuna ez dago Matikon edo Deustun, horiek badutelako metroa, baizik eta Bilbo hegoaldeko auzoetan eta Enkarterrin. Lehentasuna da Zorrotzako pasagunea kentzea eta Enkarterrik zerbitzu egokia izatea». Madariagak esan dio Enkarterrirekin «egiazko konpromisoa» badu tren zerbitzua hobetu bitartean, Bizkaibus hobetu dezakeela inguru hartan.
Etxebizitza da bizkaitarren kezka nagusia, Goyo Zurro bozeramaile sozialistak azpimarratu duenez. Etxanobek adierazi du ez dela diputazioaren eskumenekoa, baina esan du bere jabetzako lursailak aztertzen ari dela, udalek eta Jaurlaritzak haietan eraiki dezaten. Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleak uste du oposizioak «mundu paraleloak» irudikatu dituela, eta «koherentzia falta» egotzi die. Esan die txarretsi dituzten proiektu horiek guztiak hauteskunde programan zituela EAJk, eta herritarren babesa lortu zutela.
Lekerikabeaskoa izan da berbaldi osoa euskara hutsean egin duen bakarra, eta soilik Etxanobek egin du berba euskarari buruz. Lan eskaintza publikoetako eskakizunen aurkako epaiak salatu ditu: esan du bizikidetzari eta hizkuntzaren normalizazioari kalte egiten dietela.