Urdaibaiko Biosfera Erreserba alerta gorrian dago. Hala adierazi du Hezeguneen aldeko Mediterraneoko Aliantza nazioarteko erakundeak. Egoitza Frantzian du, eta zientzia eta ingurumen erakundeak biltzen ditu. Mediterraneoko hezeguneak babestea du helburu, eta alertaren arrazoia Guggenheim museoa Urdaibaira zabaltzeko proiektua da.
Aliantzak alerta mailak sailkatzen ditu, arriskuaren arabera, eta Urdaibai zuzenean sartu da alerta gorrian. «Aliantzak egoeraren berri izan zuenean, zalantzarik gabe ondorioztatu zuen egoera larria dela», esan du David Henderson Guggenheim Urdaibai Stop elkarteko kideak. Hendersonek uste du alerta gorriak lagundu duela Urdaibaiko egitasmoa Bizkaitik kanpo ezagutarazten, orain Europako beste herrialde batzuetan ere badutelako proiektuaren berri. «Zenbat eta jende gehiagok ezagutu, hobe. Horrela, presio handiagoa egin ahal izango dugu».
Alerta gorriaren esanahia
Hendersonek azaldu duenez, alerta gorriak esan nahi du zona «egoera ekologiko larrian» dagoela. Horrez gain, elkarteko kideak esan du proiektuaren plana irregularra dela. «Orain egingo balitz, legeak urratzen ariko lirateke». Hori dela eta, elkarteak gutun bana bidali die Unescori, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioari eta Ramsar hitzarmeneko idazkaritzari. Egoera azaldu die, eta Urdaibai «babesteko» laguntza eskatu.
Unescori bidalitako gutunean, kezka adierazi ez ezik, espresuki eskatu diote ohartaraz dezala Eusko Jaurlaritza honetaz: Urdaibaiko proiektuak aurrera jarraitzen badu, litekeena dela erreserbak biosfera estatusa galtzea. Hezeguneen aldeko Mediterraneoko Aliantzako akordioa sinatu duten erakunde guztiek hiru gutunak babestu dituzte, eta, Hendersonen arabera, horrek proiektuarekiko oposizio «irmoa eta bateratua» islatzen du.
Babes soziala ez ezik, Guggenheim Urdabai Stop plataformak laguntza zientifikoa lortu du. Hainbat zientzialarik manifestu bat idatzi dute, eta proiektuaren arrisku ekologikoak zehaztu. Testuak komunitate zientifikoarekin bat egitea du helburu, eta Euskal Herriko zientzialari gehiago batu dira idatziaren alde.
Kutsatutako bi eremu erabiliko ditu Guggenheim Urdaibaira zabaltzeko proiektuak: Gernika-Lumoko Dalia lantegi zaharra eta Muruetako ontziola. Muruetan, amiantoa eta metal astunak daude. Gainera, EAEko 5/1989 Legeak, Natura 2000 sareak eta Ramsar hitzarmenak babestutako eremu batean dago ontziola. 2018an amaitu zen lursail haren emakida, baina Astilleros de Murueta S.A. enpresa oraindik lanean ari da han, eremua garbitu gabe. «Bizkaiko aldundiak 40 milioi euroko aurrekontua dauka museoaren proiektua egiteko», adierazi du Hendersonek. Plataformak salatu du horien artean sartuta daudela ontziolak ordaindu beharreko deskontaminazio prozesuaren kostuak.
«Aliantzak egoeraren berri izan zuenean, zalantzarik gabe ordorioztatu zuen egoera larria zela»
DAVID HENDERSONGuggenheim Urdaibai Stop elkarteko kidea
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eta beste 77 entitatek egitasmoari buruzko informazio ofizialaren falta kritikatu dute. Hendersonek esan du «informazio guztia prentsaren bidez» jaso dutela. «Ez udalek, ez foru aldundiak ez dute ezer modu argian komunikatu». Haren ustez, hori gertatu da proiektua oraindik ez delako legezkoa, «hura egitea oztopatzen duten araudiak daudelako».
Hendersonek hedabideetan argitaratutako txosten bat aipatu du, Cooper Roberts arkitektura estudioak egindakoa — New Yorken (AEB) du egoitza—. «Txostenean proiektuaren xehetasunak aurkezten dira, hala nola eraikinaren dimentsioak eta zenbat jatetxe izango zituen. Baina inork ez digu ofizialki jakinarazi».
Plataformako kideak ohartarazi du Guggenheim museoaren webgunea duela gutxi hasi dela Urdaibaiko proiektuari buruzko informazioa ematen; «orain arte ez du aipatu ere egin». Hala ere, plataformak dio informazio hori osatu gabe dagoela eta planaren elementu garrantzitsuak ezkutatzen dituela; kasurako, Gernika eta Murueta artean eraiki nahi duten palafitoari —zutabeen gainean altxatutako egitura edo pasabidea— buruzkoa.
Sortuko diren arazoak
Eragin ekologikoen inguruko kezkez gain, proiektuak kezka sortu du eragin kultural eta sozialengatik. Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoen ustez, museoa eraikitzeak areagotu egingo ditu eskualdean lehendik zeuden arazoak; hala nola masifikazio turistikoa, higiezinen espekulazioa eta tokiko artistei emandako laguntza eskasia. «Oso zaila da Busturialdean etxe bat alokatzea. Jendez gainezka dago», nabarmendu du Hendersonek. «Benetan norentzat da museo hau? Herriari mesede egin beharko lioke, baina Guggenheim fundazioari baino ez dio egiten mesede».
Plataformak ehun hitzaldi informatibo baino gehiago antolatu ditu Euskal Herri osoan, eta babes handia jasotzen ari da. Plataformaren mezu nagusia zera da, proiektua ez dagoela itxita eta oraindik badagoela esku hartzeko aukerarik. Hendersonek dio badagoela dena erabakita dagoela uste duen jendea.